Andoni Salamerok eta Errege Beldak 'Txistema' ikuskizuna egingo dute
Ekitaldia larunbatean izango da, 19:00etan, Urretxuko Labeaga aretoan. Sarrera doan izango da. Umorezko ikuskizun honen helburua sistemaren inguruko hausnarketa sustatzea da
Andoni Salamero zumarragarrak eta Errege Belda hernaniarrak Txistema ikuskizuna egingo dute larunbatean, 19:00etan, Urretxuko Labeaga aretoan. Ekitaldi hau Urretxuko eta Zumarragako udalek antolatu dute eta sarrera doan da.
Salamerok eta Baldak Txistema «guk sortu eta eusten dugun sistemaren inguruko parodia, txantxa edo karikatura» dela diote. Helburua, diziplina desberdinen arteko baturaz (musika eta hitza), ikuskizun dibertigarri bat eskaintzea eta hausnarketa sustatzea da.
Gaiak
Gai ezberdinen inguruko hausnarketa egiten dute: publizitatea, sormenaren eta irudimenaren beharra, sare sozialak, mundu birtualaren eragina, izanaren eta ezinaren arteko lehia, kultura, nortasun eza, ezkorkeria…
Horretako, egunerokotasuna aztertzen dute. «Gure egunerokotasunari so egiten diogu, pertsona bakoitzak izaten dituen kezkei eta arazoei arreta jarriz. Arlo ezberdinak ukitzen ditugu, umorearen arintasunez, jendearen irria eta konplizitatea bilatuz. Baina baita sakontasuna eta hausnarketa garatzeko asmoz ere».
Errege Belda hernaniarra da. Bertan egin zituen oinarrizko musika ikasketak. Ondoren, Donostiako kontserbatorioan akordeoi ikasketak egin zituen. Gainera, irakasle-ikasketak egin zituen Euskal Herriko Unibertsi- tatean. Musika irakaslea izateaz gain, hainbat musika taldetan jo du eta herri musikan oinarria duten proiektuetan parte hartzen ari da.
Salamero zumarragarrak, berriz, Euskal Filologia ikasi zuen. Poeta da eta hiru liburu argitaratu ditu. Gainera, sortzaile askorekin lan egin du, esatari eta olerkigile gisa: Joxan Artze, Laja eta Mikel, Juan Mari Beltran, Oskorri, Pantxoa eta Peio, Kukai, Zuhaitzaren Soinua… Horretaz gain, abesbatzetako zuzendari ezagunentzat konposizioak idatzi ditu.
Egun, Peio Ospital, Juan Mari Beltran, Mixel Ducau, Caroline Phillips, Andoni Egaña, Pello Ramirez eta Aitor Mendizabalekin lan egiten ari da, besteak beste.