Arcelorrek Olaberriko planta aukeratu du argindar igoeraz presioa egiteko
Ekoizpenean geldialdi «laburrak eta selektiboak» egingo dituela iragarri du enpresak. Olaberrian eta bere osagarri den Bergarako lantegian soilik. LABek salatu du «xantaia estrategia» bat dela
Hautsak harrotu ditu berriz ere Arcelor Mittal multinazionalaren erabaki batek, eta zuzenean Goierrin daukan lantegi bakarrari eragingo dio, Olaberrikoari. Argindarraren prezioaren garestitzeagatik, eta gobernuei presioa egiteko, ekoizpena geldituko duela iragarri zuen lehengo ostegunean. Geldialdiak «laburrak eta selektiboak» izango dira, eta dagoeneko egiten ari direla argitu du, elektrizitatearen kostuaren inpaktua handiena den orduetan.
Altzairugile konpainiak azaldu du argindarraren merkatuaren gora-beherei «egunero» begiratzen diela siderurgia da kontsumitzaile handienetakoa, eta hurrengo egunean argindarrak izango duen prezioaren arabera hartzen dituela produkzioari lotutako erabakiak.
Gelditzeko neurri hori, ordea, Arcelor Mittalek Euskal Herrian dituen zortzi lantegietatik bitan bakarrik aplikatuko du: Olaberrian, eta duela urte batzuetatik haren osagarri edo aterkipeko den Bergarakoan.
LAB: «Ez du justifikaziorik»
Olaberriko Arcelorreko enpresa batzordeak eta sindikatuek, ordea, komunikabideen bitartez jakin dute asmoaren berri, eta geldialdiak hasiak direnik ere ez zekiten ostiralean, enpresak dioenaren aurka. Atzo, inolako aldaketarik eta berririk ez zegoela baieztatu zuten.
LAB sindikatuak azaldu du lotsagarria dela halako neurri bat langileei aurrez esan gabe hartzea. «Geldialdi patronal bat egin nahi badu, enpresak ordain dezala». Bestetik, logikarik ere ez die ikusi geldialdiei: «Erabakiak ez du inolako justifikazio ekonomikorik. Multinazional handiek abiatu duten xantaia estrategia bat da: geldialdien mehatxua gobernuak argindarraren kostua jaisteko eta lan kostuak jaisteko erabili nahi dituzte». Sidenor enpresa izan zen, aurretik, gelditzera zihoala iragarri zuena.
Sindikatuak gogorarazi du Arcelor Mittalek 2021eko lehenengo sei hilabeteetan 5.322 milioi euroko irabazi garbia izan duela, «azken 13 urteetako emaitzarik onena». Geldialdien ohartarazpena, mutinazional handien «botere mailaren erakusle garbia» dela dio LABek, eta horren aurkako jarrerari EAJk «jarrera oldarkorrez» erantzutea lotsagarritzat jo du.