Garbiketa lanak hasi dituzte Orian, Amundarainen eta Mariaratsen, Ordizian
Txukun Lorezaintza ari da ibaiaren eta erreken garbiketa lanetan, eta bi astez luzatuko dira. 2018tik 18 tona zabor gutxiago iritsi dira itsasora.
Ordiziako Udalak garbiketa lanak hasi ditu Oria ibaian Ordiziako lurretan, Amundarain errekan, eta lehenengoz, Mariarats errekan ere bai. Txukun Lorezaintza S.L. enpresak egingo ditu lanak, bi astez. Udalaren asmoa da 14. Garapen Jasangarriko helburua lortzea, itsasora zabor gutxiago heltzea, alegia. Modu horretan, Ordiziako Udalak, uztailean aurkeztu zuen Ekintza Planean jasotzen den ekintzetako bati erantzuten dio, “konpromiso horri sendo helduz eta datozen urteetarako erronkak nabarmenduz”.
Maitane Alvarez Ordiziako Udaleko alkateordeak hala adierazi du: «Gure ingurunea zaintzea beharrezkoa da gizartearen etorkizuna bermatzeko. Gainera, 2030 Ekintza Planean jaso genuen moduan, gure konpromisoa irmoa da natura zein ingurumenarekin. Garbiketa hauekin 14. Garapen Jasangarriko Helburua lortzeko bidean gaude, eta lan lerro honetan indarra jarriko dugu, gure ondare garrantzitsuena delako. Puntu horretan, ozeanoak, itsasoak eta itsas baliabideak artatzea eta modu iraunkorrean erabiltzea jasotzen da, garapen iraunkorrerako».
Gainera, nabarmendu du, “garbiketa lan hauek urtero egitea guztiz beharrezkoa» dela, ikusita, «ibaien ubideak berriro ere zikinak daudela; gehienbat plastikoa dago, baina hondakinak ere argi ikusten dira».
Hala ere, Alvarezek herritar guztion eskura dagoena gogorazi du, ingurunera iristen den hondakin kopurua geroz eta txikiagoa izan dadin: «hondakinak behar bezala kudeatu behar ditugu, halako egoeretara ez iristeko. Txikitik hasita, handian eraginez. Guztion ardura da, eta bakoitzak asko egin dezake gure ingurunea eta natura behar bezala zainduta edukitzeko».
Hiru urtetan 18 tona
Azkeneko urteetan egin dituzten garbiketa lanei esker, Ordiziako ibaietako eta erreketako uretatik eta bazterretatik atera dituzten zabor kopuruei erreparatzea baino ez dago, garbiketa lan hauek, eta hondakinen kudeaketa egokian kontzientzia hartzeak duen garrantziaz jabetzeko. Alvarez ezagutzera eman ditu azken hiru urteotako datuak.
2018an, hiru astetan zehar, Oria eta Amundaraingo lau kilometro eta erdian 8.000 kilo zabor atera zituzten. 2019an, epe berdinean, 5.500 kilo.Eta iaz, 4.500 kilo zabor jaso zituzten. Guztira, beraz, Kantauri Itsasora, 18 tona zabor gutxiago iritsi da.
Bilketa egin ostean, zabor guztia, garbigunera eraman eta dagokion edukiontzietan sailkatuta utzi zuten, aurten egingo duten moduan