Segalariak, lehiatik festa girora
Almitza Sega Elkarteak antolatuta, denboraldi bukaerako sega jaialdia egin dute Zaldibian. Goi mailako segalariekin batera, haur eta gaztetxo ugari aritu dira segan
Sega eta herri kirolak lehiarekin eta apustuekin lotu ohi dira maiz, baina herri giroa sortzeko erreminta ere badela erakutsi dute Zaldibian. Almitza Sega Elkarteak antolatuta, denboraldiari bukaera emateko sega jaialdia egin dute asteburuan. Ekitaldi jendetsua izan da, haur, gazte eta heldu, denetarik elkartu baita segaren aitzakian.
«Kategoriko giroa» egin zuela eta «ikuskizun polita» izan zela azaldu du Almitza elkarteko Miel Mari Jauregi Altzo-k. Igande goizean elkartu ziren Arresene parean, eta handik, kalejiran joan ziren, herrigunea zeharkatuz, Mugertzako zelaietaraino. «Hemen ez dago ohitura handirik, baina Europan oso ohikoa da sega saioaren aurretik horrelako desfile bat egitea, ikusgarritasuna ematen dio». Izan ere, haur eta gazteei sega zer den erakustea eta haiei protagonismoa ematea izan da ekitaldi honen helburu nagusia.
Jaialdian, guztira 40 bat lagun aritu ziren segan. Aurrena, emakumeen arteko taldekako ariketa egin zuten. Euskal Ligako lehen hiru gizon-emakume bikote mistoak ere aritu ziren gero, erakustaldia egiten. Baita Goierri eta Tolosaldeko lau gazte ere. Umeen saioan, berriz, hogeita haur eta gaztetxo aritu ziren segan. Goiz pasako ekitaldia bukatzeko, ehun bat lagun elkartu ziren mahaiaren bueltan.













