Urretxuko Udalaren tasa eta zerga gehienak %2 igoko dira
Urretxuko Udalak 2022. urteko ordenantza fiskalak onartu ditu udalbatzaren azken osoko bilkuran, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin. EH Bilduk kontra bozkatu du.
Urretxuko Udalak 2022ko ordenantza fiskalak onartu ditu, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin. EH Bilduk aurka bozkatu du. Tasa eta zerga gehienak %2 igoko dira.
Jon Luqui alkateak iaz, koronabirusa dela eta, izoztu egin zirela gogoratu du. «Aurten KPIaren igoera 2008tik egon den altuena izango da. %3,3koa izango da, baina tasak eta zergak %2 igotzea erabaki dugu». Zaborrari eta urari dagozkionak, ordea, ez dira igoko.
Terrazei dagokionez, koronabirusa heldu zenean, udalak kobratzeari utzi zion ostalariei laguntzeko. Datorren urtetik aurrera, berriro kobratuko die. Gainera, udalak aparkalekuetako terrazak kentzeko asmoa du.
PSE-EEk aldeko botoa eman zuen, egoera geroz eta hobea delako eta KPIak gora egin duelako. «Igoera orekatua da eta zerbitzuak eskaintzen jarraitzea ahalbidetuko du».
Uraren gaia
EH Bilduk, ordea, aurka bozkatu zuen. «%1,5eko igoera proposatzeaz gain, uraren tarifaren jaitsiera proposatu genuen. Uraren tasa izoztea erabaki da, baina guk jaistea proposatu dugu, Urretxuko ura Gipuzkoako bigarren garestiena baita».
Alkateak urretxuarrek jasotzen duten zerbitzua ezin dela beste herrietan jasotzen dutenarekin konparatu erantzun zuen.