2022 urterako ordenantza fiskalak onartu ditu Ordiziako udalbatzak
EH Bilduren eta Ordizia Orainen baiezko botoekin onartu dira ordenantza fiskalak. Tasa asko mantenduko dira, eta beste batzuk, zabor bilketarena kasu, %1,5 igoko da
2022 urterako ordenantza fiskalak onartu zituen Ordiziako udalbatzak, iragan urriaren 13an, asteazkena, Ordiziako Udaletxeko batzar aretoan egin zen ez-ohiko osoko bilkuran. EH Bildu eta Ordizia Orainen baiezko botoekin onartu ziren. PSE-EEk eta EAJk abstentziora jo zuten.
Udalbatzaren erabakiz, ondorengo zergek ez dute aldaketarik jasoko datorren urtean eta izoztu egingo dira: ondasun higiezinei dagokien zerga, jarduera ekonomikoen gaineko zerga; eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga, hiri-lurrek irabazitako balioaren gaineko zerga; eta, haur eskolaren Udal zerbitzuagatiko tasa.
Ondasun Higiezinen Gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskalean, etxebizitza hutsei dagokien errekarguan, salbuespen berri bat jaso da, herentzian jasotako etxebizitzei dagokiena. Oinordetza bidez eskuratutako etxebizitzetan, jatorrizko jabearen heriotzatik bi urte igaro arte ez da %50eko errekargurik aplikatuko. Testamenturik ez dagoelako oinordetza adierazpen bat izapidetu behar denean, epea bost urtekoa izango da. Epe horiek gehienezko edo maximo izaera izango dute, eta bertan behera geratuko dira lehenago etxebizitza jabe berrien izenean eskrituratzen den unetik.
%1,5eko igoera
Aipatu gabeko beste ordenantza fiskaletan, KPIaren igoera aurreikuspenak %3tik gorakoak dira baino igoera txikiagoa onartu zuen Ordiziako udalbatzak. Beraz, %1,5eko igoera izango dute ondorengoek: Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergak (iaz familia ugariei ireki zitzaien hobaria mantenduko da); zerbitzu publikoak eskaintzeagatik eta administrazio ekintzak egiteagatiko tasek; eta erabilera pribatiboko edo herri jabetza publikoa modu berezian aprobetxatzeagatiko tasek. Besteak beste, zaborraren tasak %1,5eko igoera izango du.
Tasa publikoetan COVID-19ak eraginda eman diren hobariak, bertan behera geratuko badira ere, xedapen gehigarri bat ere txertatu da ordenantza fiskaletan, egoerak okerrera egin eta murrizketa berriak etorriko balira, modu azkarragoan hobariak aplikatu ahal izateko.