Argazki lehiaketako proposamenak azaroaren 12ra arte bidali daitezke
Segurako Udalak 14. argazki lehiaketako oinarriak zabaldu ditu. Aurten jorratu beharreko gaia 'Esaera zaharrak' izango da. Argazkiak emailez ere aurkeztu daitezke
Udazkenarekin batera, aurten ere iritsi da 2022ko egutegia sortzeko Segurako Udalaren argazki lehiaketa. 14. edizioa izango da aurtengoa. Urtero bezala, herriko mertakariek eta zerbitzuek egutegiarekin kolaboratuko dute. Parte hartzeko Seguran erroldatuta egotea edo herriko elkarte edo talderen batean parte hartzea ezinbestekoa da. Azaroaren 12ra arte izango dute aukera herritarrek argazki proposamenak bidaltzeko. Esaera zaharrak izango da aurten landu beharreko gaia.
Gutunazal batean udaletxean aurkeztu ohi ziren proposamenak, eta iazko osasun egoeragatik emailez ere aurkezteko aukera eman zuen udalak. Aurten ere aukera hori emango dute, kultura@segura.eus helbidera bidalita. Argazkiak, argazkien izenburuak, egilearen izen-abizenak, telefonoa eta helbidea jaso behar ditu mezuak. Parte hartzaile bakoitzak gehienez hiru argazki aurkeztu ahal izango ditu, gutxienezko 300 pixeleko erresoluzioan, jpg edo tiff formatuan. Seguran ateratako argazkiak soilik onartuko dituzte.
Sari banaketa, abenduan
Udalaren jabetzara pasako dira lehiaketako argazkiak, eta lehiaketatik kanpo utziko dituzte bereizkeria, arrazakeria, homofobia, sexismoa edo indarkeria iradokitzen dutenak. Irabazleak 300 euroko diru saria jasoko du, eta bigarrenak 150 euro. Epaimahaia udalak aukeratuko du eta azaroaren 19an argitaratuko da argazki aukeratuen zerrenda.
Abenduan, berriz, sari banaketa izango da, 15. Euskal Liburu, disko eta jostailu azokan. Udalak herritarrei dei egin die sormenari eragin, argazkia landu eta lehiaketan parte hartzera. Iazko lehiaketan 14 parte hartzailek 33 argazki aurkeztu zituzten. Lehenengo saria Iker Zabala Telleriak eskuratu zuen, Ez dadila haria eten argazkiarekin. Bigarren saria, aldiz, Joseba Telleria Albizuk irabazi zuen, Oztopoak gaindituz etorkizunerantz argazkiarekin.
Iragana, oraina eta etorkizuna Seguran izan zen iazko gaia 2021eko egutegia osatzeko. 2022koa egiteko, esaera zaharretan murgildu eta horietan oinarrituta garatuko dituzte lanak parte hartzen duten herritarrek. Azaroaren 12a izango da proposamenak bidaltzeko azkeneko eguna, eta astebete itxaron beharko da egutegia osatuko duten argazki hautatuen zerrenda ezagutzeko.
Ormaiztegikoa, azaroaren 14ra arte zabalik
Ormaiztegin ere argazki lehiaketa jarri dute martxan, 2022. urteko herri egutegia osatzeko. Horretarako, ormaiztegiarrei Ormaiztegin bertan ateratako argazkiak eskatuko zaizkie. Azaroaren 14ra arte izango dute aukera argazkiak aurkezteko, kultura@ormaiztegi.eus helbidera idatzita. Parte hartzaileen artean saski bat zozkatuko dute.