Baso bainua Aizkorri Aratz natura parkean
Anduetza Parketxeak eta Zegamako Udalak antolatuta, naturan bost zentzumenekin murgiltzeko ibilaldia izango da igandean, 10:30ean. Amaia Agote adituak gidatuko du.
Anduetza Parketxeak eta Zegamako Udalak elkarlanean ‘Zur eta Lur’ egitaraua antolatu ohi dute udazkenero. Aurtengoan saio berezia proposatu dute: Baso Bainua Beunda atsedenleku inguruko pagadian, Aizkorri-Aratz natura parkean murgildurik. Igandean izango da saioa, 10:30ean, Beundatik abiatuta.
Japonian sortutako jarduera da baso bainua, Shinrin-Yoku delakoan oinarritutakoa. Jolas batzuen bidez, naturarekin harremanak eskaintzen dituen onurak izango dituzte ardatz. Natura parkeko pagadian paseoa eta ekintza gidatuak uztartuz, zentzumenak ireki eta gorputza indarberritzeko esperientzia izango da. “Gero eta leku hiritartuagoetan murgilduta bizi gara. Gure bizimoduaren erritmo azkarrek naturarengandik gero eta gehiago urruntzen gaituzte, horrek osasunarengan ondorioak dituelarik”, azaldu dute ohar baten bidez antolatzaileek. Amaia Agote adituak gidatuko du saioa eta bi ordu inguruko iraupena izango du.
Aforoa mugatua denez aurrez izena ematea derrigorrezkoa da, anduetza@gipuzkoanatura.eus helbidera idatzita edo 943802187 edo 688623609 zenbakietara deituta. Prezioa helduentzako 5 eurokoa da, eta 3-12 urte bitartekoentzat 3 eurokoa.