CAF-Elhuyar sariketara lanak aurkezteko epea zabalik dago
'Zientzia eta irudimena, etorkizuneko giltzak' da edizioaren leloa. "Gure gizarteak erronka handiak ditu etorkizunerako. Zientzia ezinbesteko tresna izango da. Baita irudimena ere", diote
CAF-Elhuyar sariketaren hamahirugarren edizioa abian da. Gaur zabaldu dute lanak aurkezteko epea; otsailaren 12an amaituko da. Entregak online egin behar dira, Elhuyarren webgunetik.
Zientzia eta irudimena, etorkizuneko giltzak da 2022ko edizioaren leloa. «Izan ere, gure gizarteak erronka handiak ditu etorkizunerako: klima-larrialdiari aurre egitea, desberdintasun sozialak ezabatzea, dibertsitatea onartzea… Horretarako, zientzia ezinbesteko tresna izango da. Baita irudimena ere», diote antolatzaileek. Lehiaketa Elhuyarrek antolatzen du CAF Beasaingo multinazionalarekin batera, eta Neikerren babesarekin. «Etorkizuna irudikatzeko ausardia beharrezkoa izango da, eta lehen pausoetako bat CAF-Elhuyar sariketan parte hartzea izan daiteke», egin dute gonbidapena.
Lanak kategoria ezberdinetan aurkeztu daitezke. Alde batetik, dibulgazio-artikulu original onenak sarituko dira; zientzia-kazetaritza arloko lanik onena ere aitortuko dute. Halaber, lehen sektoreari buruzko artikulu onenak ere saria izango du. Bi sariak bateragarriak izango dira; azkenik, sorkuntza-beka bat ere esleituko dute. Zientziaren, teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintzak onartuko dira kategoria honetan. 5.000 euroko beka izango da. 11.000 euro banatuko dituzte sarietan, bakoitza bere eskulturarekin.
Aurtengo sariketan goierritar batek jaso zuen sarietako bat. Jon Urzelai Urbieta zumarragarrak zientzia-kazetaritzaren arloko aipamen berezia jaso zuen, Pentsatu, ez sinistu irratsaioari esker.