Euskararen suak iraun dezan
'Euskararen kriseilua' egitasmoa abian da bigarrenez, euskararen erabilpena eta hausnarketa sustatzeko. Parte hartzeko bi proposamena egin dizkiete familiei
Euskara sua balitz bezala irudikatzen duen egitasmoa da Euskararen kriseilua. Haren helburua da, su hori bizirik mantentzea, eta ez itzaltzea. Nola lor daiteke hori? Gure hizkuntza ahalik eta gehien erabiliz, euskararen erabilera etxean, kalean edota eskolan sustatuz,… Euskaltzaleen Topaguneak sortu, eta Ordiziako Udalak, herriko ikastetxeen laguntzaz, bere egin duen proiektua da hau, eta bigarrenez, abiatuko dute ekimena. Euskara, elkarrekin zaindu, transmititu eta gure hizkuntza ohituren inguruko hausnarketa egiteko piztuko dute Euskararen kriseilua.
Horren harira, bi gonbidapen egin zaizkie proiektuan parte hartzen duten, edo hartu nahi duten, herriko familiei. Alde batetik, euskararen sua bizirik mantendu beharko dute Kriseilua etxera eramanda, bertan zainduz eta euskara hitz egiteko konpromisoa hartuz; eta bigarrenik, Kriseilua etxean duten egun horietan, etxekoen hizkuntza ohituren inguruan hausnartzeko tarte bat hartu eta elkarrekin ohitura horiek hobetzeko konpromisoak aukeratzea. Hausnarketan laguntzeko autodiagnostikorako tresna bat betetzera gonbidatuko dira familiak.
Etxez etxe sua piztuta
Etxez etxe ibiliko da Euskararen Kriseilua azaroan hasi eta abendura arte. Aste betez izango dute familiek etxean, eta ondoren beste familia batek hartuko du lekukoa. Amaieran, denon parte hartzea eskertu eta hartutako konpromisoak ospatzeko, eta egoerak uzten badu, familiak gonbidatuta ekitalditxo bat egingo da.
Euskaren Kriseiluan parte hartzeko, urriaren 22a baino lehen http://ordizia.kriseilua.eus/ webguneko galdetegia bete behar da.