Legazpiko judoka gazteek hasi dute lehiaketa egutegia
Legazpi Judo taldeak asteburuan ekin dio lehiaketen denboraldiari. Eibarren nahiz Kantabrian emaitza onak lortu dituzte.
Legazpi Judo taldeak lehiaketa denboraldia hasi du asteburuan, Gipuzkoako haur mailako txapelketarekin eta Kantabriako Suances herrian jokatutako kadete mailako I. Judo Koparekin. Bi lehietan emaitza aipagarriak lortu dituzte Legazpiko judoka gazteek.
Gipuzkoako haur mailako txapelketa Eibarko Ipurua kiroldegian jokatu zen, eta bertan Legazpiko taldeko Xabier Parrak, Hodei Urrizak eta Unax Pereirak parte hartu zuten, urte betez geldirik egon ondoren. Parrak, lan bikaina egin eta gero, txapelketa irabazi zuen. Pereirak, bere aldetik, brontzea lortu zuen judoan lehiatzen zuen lehen aldian, eta Urrizak, azkenik, borroka batzuk irabazi zituen arren, ez zuen podiumera igotzerik lortu.
Kadeteekin, Suancesera
Legazpi Judo klubeko ordezkariak Kantabriara ere joan ziren asteburuan kadete mailako judokekin, Suanceseko Kopa jokatzera. Unai Guridi, Beñat Urriza, Unai Biain, Ibai Gil, Ruben Calvo, Manex Uranga eta Endika Perez de Arenaza izan ziren Legazpiko ordezkariak, eta estatu osoko judokekin lehiatu ziren.
Txapelketa honetarako bi helburu zituzten ezarrita: batetik, lehen urteko kadeteentzako abiapuntu bat jartzea, eta bestetik, tatamian denboraldiko lehen hilabete honetan ikasitakoa praktikan jartzea. Aurkarien maila altua nabarmendu dute klubeko ordezkariek, eta Legazpiko kadeteek maila horretan bi urteko esperientzia dutenekin borrokatu behar izan dutenez, emaitza onik ez dutela lortu aitortu dute. Hala ere, «ikusi da tatamian egindako lana barneratzen ari direla, eta hori oso ona da. Borroka bakoitzak, erorketa bakoitzak, izerdi tanta bakoitzak, indartsuago eta azkarrago egiten gaitu».