Ordiziako azokako emakumeei aitortza egin diete
Asteazkenero Ordiziako azokara saltzera joaten diren 21 emakume baserritar eta ekoizleri egiten duten lana eskertu die Ordiziako Udalak.
Urriaren 15a, ostirala, Emakume Baserritarren Nazioarteko Eguna izan zen, eta gaur, asteazkenero Ordiziako azokara saltzera joaten diren emakumeei aitortza egin die Ordiziako Udalak. Udal ordezkariek, postuz postu, emakume baserritar eta ekoizle guztiei, banan-banan, oroigarria banatu eta egiten duten lanagatik eskerrak eman diete. Adur Ezenarro alkateak esan duen moduan, “beraiek gabe ez dagoelako azokarik”. Azokara asteazkenero saltzera joateaz gain, “baserrian egiten duten ezkutuko lana ere nabarmendu” du Ordiziako alkateak, “plazan buelta bat ematea baino ez dago ikusteko zer nolako lana egiten duten, eta ez hori bakarrik, baita konturatzeko, emakumeen presentzia zenbatekoa den”.
Oroigarriak banatu ostean, familia argazkia atera dute azokaren erdian, “aldarrikatzeko, emakumeek baserri munduan duten garrantzia, baina batez ere, hemen, azokan”.
Esther Illarramendi, Arantxa Zurutuza, Miren Jauregi, Naroa Irigoien, Judith Garcia, Silvia Moreno, Anttoni Murgiondo, Juanita Murgiondo, Maria Jesus Oria, Arantxa Lopetegi, Raquel Artola, Arantxa Iparragirre, Edurne Jauregi, Lourdes Zurutuza, Maite Iturbe, Axun Etxeberria, Miren Agirrezabala, Itziar Etxeberria, Dolores Mendizabal, Miren Pagola eta Lurdes Baroja izan dira omenduak.
Aitortza hau, “pozik” hartu dute omenduek, “egindako lana aitortzea eta eskertzea denentzat baita atsegina”.
Goizari musika ere jarri dio Esanezin taldeko Ianire Aranzabek, Ekirock-en laguntzarekin.