Poloniatik Portugalera, Urretxu-Zumarragatik
Gilad Sade jatorri kurdua duen israeldarra Poloniatik Portugalera bidaiatzen ari da bizikletan, bere arbasoen aztarnen bila. Andoni Lubaki urretxuar lagunaren etxean geldialdia egin du.
Garai batean hiru trenbide izan zituztelako eta geografikoki ondo kokatuta daudelako, Zumarraga eta Urretxu bidegurutzea direla esan izan da beti. Egun trenbide bakarra dute, baina A-636 autobidea irabazi dute. Trenez eta autoz bidaiatzen dutenentzat ez ezik, txirrindularientzat ere bidegurutzea direla dirudi: Gilad Sade jatorri kurdua duen israeldarrak Urretxu-Zumarragan geldialdia egin du, Baltikotik Portugalera bizikletaz egiten ari den bidaian.
Sade ez da Urretxu-Zumarragan gelditu Baltikotik Portugalera joateko bertatik pasatzea ezinbestekoa delako, noski: bertan lagun bat du, Andoni Lubaki gatazka kazetaria, eta bisitatzera etorri da. Gainera, matxura bat du eta Donostiako bizikleta dendetan itxaron zerrenda dago. Zatika dendan bizikleta lehenbailehen konponduko diotela agindu diote, bere bidaiarekin jarraitzeko aukera eduki dezan. Ez da galduko den arriskurik. Biziraupen tekniketan aditua da eta ikastaroak eman izan ditu. «Astebete eman dezake desertuan, bertan aurkitzen duenarekin baliatuz», dio Lubakik mirespenez.
Portugalera bere arbasoen aztarnen bila doa. Izan ere, beste israeldar askok bezala, herrialde askotako arbasoak ditu. Uztailean abiatu zen Poloniatik eta ordutik 4.200 kilometro egin ditu. Baltikotik Atlantikora.
Donostian gelditu izana ere ez da harritzekoa, Aiete kultur etxeko 33 Paraleloa erakusketan berak munduko gatazketan ateratako argazki batzuk jarri baitituzte. Erakusketa hori Ronak Press elkarteak antolatu du. Lubaki eta Sade elkarteko kideak dira.
Ez zuen Euskal Herria ezagutzen. «Oso polita da. Itsasorik politena, Donostian ikusi dudana da». Eta ez dago itsaso gutxi ikusi dituela esaterik… Itsaso Beltza, Gorria, Kaspiarra, Hila… ezagutzen ditu. «Euskal Herriko itsasoaren antz handiena duena Abkhaziakoa da», azaldu du.
Basque Highlands
Urretxu-Zumarraga eta Donostiaz gain, Baiona, Miarritze, Hendaia, Irun… ezagutu ditu. «Orain Basque Highlands-era etorri naiz», dio. Europako beste muturretik etorri da, baina badaki zerbait Goierriri buruz…
Goierritik Asturiasera joango da. Itsasoa asko gustatzen zaio. «Itsasotik joango naiz. Asturiasetik Galiziara joango naiz eta handik Portugalera. Ondoren, Europa Iparraldera itzuliko naiz, Andaluziatik pasata».
Argi utzi nahi du bere bidaia erabat jasangarria dela. «Kafetegi batera joaten naizenean, nire edalontzian zerbitzatzeko eskatzen diet. Izan ere, toki askotan plastikozko edalontziak ematen dituzte. Bestalde, bizikletako osagarri guztiak birziklatutako gauzekin egin ditut. Ahalik eta gauza gutxien erosten saiatzen naiz. Gauei dagokionez, kanpin dendan edo beraien etxeetara gonbidatzen didaten etxeetan lo egiten dut. Eta erreketan bainatzen naiz».