Anezka, 2026ra arte
Beasaingo Udalak eta Goiekik ekintzaileentzako egoitza kudeatzeko hitzarmena berritu dute. Estensorok nabarmendu du Anezkak arrakasta handia duela
Beasaingo Udalak eta Goiekik Anezka enpresa hasiberrientzako egoitza kudeatzeko hitzarmena berritu dute. Bost urterako iraupena du, 2026ra arte. Leire Artola Beasaingo alkatea, Mikel Plazaola Goiekiko presidentea eta udaleko zinegotzia eta Iker Galparsoro Goiekiko zuzendaria izan dira sinaduran. Artolak nabarmendu du hitzarmenak “ekonomia bultzatuko duten ekimen berriak laguntzea” duela helburu eta, ondorioz, “enplegua sortzea”. Alkateak lana herritarren ongizatea bermatzeko “ezinbestekoa” dela azpimarratu du eta udalaren legegintzaldi planean jasotako konpromisoetako bat dela gogoratu du; Galparsorok Anezkak duen arrakasta goraipatu du. Orain arte hamabi enpresa hasi dira bertan eta guztiek egin dute bidea.
Beasaingo Udalak eta Goiekik Anezka gunearen bidez ekintzaileei eremu fisiko bat eskaintzen die euren enpresa kokatu dezaten. Gainera, gastuak euren gain hartzen dituzte. Bulegoak argindarrarekin, urarekin, berogailuarekin, telefono- eta internet-konekxioarekin eta aseguruarekin horniturik daude. Bilera gela bat eta lau bulego daude, eta guztiak esleituta daude egun. Andromena, Optimiza, Ubikare eta Orekan enpresak daude.
Amaia Aierbe Zurutuza da azken honetako arduraduna. Orekan elikadura eta osasun heziketaren inguruko enpresa hasi berri bat da. Aierbek aipatu du enpresa bat martxan jartzeko erronka ez dela erraza, are gutxiago pandemia garaian, baina Anezkak “abiatzeko bultzada” eman diola eskertu du.
Interesa duten ekintzaileek Beasaingo Udalera edo Goiekira jo besterik ez dute egin behar. Berritzaileak diren ekimenak, zerbitzu aurreratuekin lotura dutenak eta Beasaini eta Goierriri balio erantsia ematen dioten proiektuak lehenesten dituzte. Tokirik ez dago uneotan, baina Galparsorok baieztatu du errotazio handia egoten dela. Enpresak Anezkan hiruzpalau urte egon daitezke gehienez ere, baina hogei hilabeteren buruan prest egoten dira lekualdatzeko, batez-beste. “Errotazioa ezinbestekoa da, ahalik eta jende gehiengana heltzeko”, dio zuzendariak. “Toki bat libratu bezain pronto sartzen da beste proiektu bat. Herrigunearen erdi-erdian dago eta kokapenak proiektu asko erakartzen ditu”. Anezka Kale Nagusiko 40.ean dago.