Ehiza garaia hasita, paseko usoak salgai
Mizpirak, aza mota berriak, usoak eta lehen lore zentroak. Egutegira begiratu gabe zer garaietan gauden antz emateko moduko produktuak.
Joan zen astean ez bezala, goiz beroa atzokoa. 20-22 gradu artean goizean goiz, gero 18-19ra jaitsi bazen ere. Udazkeneko giroa nabarmen, hego haizea. Haizea ez da feria lagun ona baina atzo neurrian mantendu zen. Udazkeneko produktuak mahai gainetan.
Ehiza garaia hasi da, Lasak salgai zituen paseko lehen usoak horren lekuko. 7 euroan pieza, 40 salgai luma eta guzti.
Mikologia espezie askorentzat hauxe izaten da bere garaia eta atzo ere 6 mota ezberdin baziren salgai. Onddoa (450 kilo, 12-30 euroan kiloa , gorringoa (35 kilo, 18-20 euroan kiloa, esnegorria (63 kilo, 15-20 euroan kiloa), gibelurdina (12 kilo, 24 euroan kiloa), saltsa perretxiku beltza (5 kilo, 20 euroan kiloa), zizahoria (10 kilo, 18 euroan kiloa).
Aza aukera zabala
Azen aukera handitzen ari da astetik astera. Atzo txinatar aza ekarri zuen Arantxa Zurutuza aramarrak. Jatorria han duelako hartu du nonbait izen hori Napa cabbage (Brassica rapa) espezie honek. Arbi-aza ere ekarri zuen (Brassica napus), hitzak dioen bezala arbia eta azaren arteko erraboila da aza hostoekin. Biak ala biak ez dira oraindik hain ezagunak, baina bezero jakin batzuk erosteko ohitura badute. Berdin gertatzen da atzo ekarri zituen arbiekin ere euroan bakoitza salgai.
Sagar urtea
Frutetara joz, atzo lehen mizpirak ikusi genituen bi postuetan. Oraindik gogorrak baina bada hola gustuko duenik 2,5-3 euroan kiloa. Lehen jubile sagarra ere bai, 3,5 euroan kiloa. Aurten sagar urtea dela, garai honetan ez du ia inork zalantzan jartzen. Sagardotegietan ere bertakoari ere ezezkoa esan beharrean izan omen dira eskaintza behar baina handiagoa izaten ari direlako. Iazko urritasuna eta aurtengo ugaritasuna biak nonbait neurriz kanpokoak.
Santu Guztien eguna hurbiltzen ari da. Atzo lehen zentroak aurkeztu zituen M. Dolores Mendizabalek. Enkarguak hartzen ere hasi zen. Datorrenean izango dute esku bete lan.
Emakumeei aitortza
Urriaren 15ean Landa Eremuko emakumeen nazioarteko eguna izan zela eta, Ordiziako Udalekoek Azokan landa eremuko produktuak saltzen dituzten emakumeei aitortza egin zien ekitaldi xume baten bidez.
Bestalde, nazioarteko bularreko minbiziaren eguna izan zen herenegun eta bi mahai jarriak zituzten Kattalin elkartekoek, loteria salduz eta bularreko minbiziaren kontrako ekimenetarako diru laguntzak jasotzeko.