Euskara lehenetsiko dute hiru bankuk Uema-ko herrietako bulegoetan
Uemak bultzatuta, udalek eta Kutxabank, Bankoa eta Laboral Kutxa banketxeek ituna berritu dute. Zazpi arlotan sustatuko dute euskara, euren harremanetik langileetara
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (Uema) garrantzitsutzat jo duen hitzarmena sinatu zuten, atzo, elkargoko kide diren 44 udalek eta Kutxabank, Laboral Kutxa eta Bankoa-Abanca banketxeek. Euskararen presentzia, erabilera eta lehentasuna markatuko dituen ituna izenpetu dute, Bergaran.
Berritzea da berez, 2016an egin baitzuten akordio hori lehenbiziko aldiz Uemako kideek eta banketxeek. Aurten Bankoa gehitu zaie. Orduan 30 udalekin itxi zuten hizkuntza-lehentasuna euskarari emateko printzipioa. 14 herri gehiago batu zaizkie orain, ituna eguneratuta.
Goierriri dagokionez, izatez, bailarako udalek Kutxabankekin bakarrik egin dute hitzarmena, ez Laboral Kutxak, ez Bankoak ez baitute bulegorik Uemako kide diren udalerrietan. Ataun, Legorreta, Segura eta Zaldibiako udaletako ordezkariak izan ziren atzoko ekitaldian.
Ataungo Udalaren izenean Martin Aramendi alkatea joan da, Legorretatik Zelai Amenabarro alkatea, Seguratik Izarra Urdalleta alkatea eta Zaldibiatik Jon Luloaga zinegotzia. Kutxabankeko Txikizkako Negozioaren zuzendari nagusi Eduardo Ruiz de Gordejuelak eta Uemako lehendakari Iraitz Lazkanok sinatu dute, haiekin batera.
Zazpi eremutan
Hiruren arteko hitzarmenak zazpi puntu ditu. Elkarren arteko harremanak euskaraz izatea agindu dute, udalen eta banketxeen artean. Baina bulegoetako arretan eta lanean ezarriko diren hizkuntza irizpideak ere zehaztu dituzte: bezeroari lehen hitza euskaraz; mezu elektronikoak euskaraz soilik (35 urtez behekoei euskaraz soilik bidaliko dizkiete komunikazioak), edo elebitan denean euskara lehenetsita; finantza-produktuen informazioa euskaraz, txartelak euskaraz konfiguratuta emango dizkiete bezeroei, kutxa automatikoetan ere lehen hizkuntza euskara agertuko da, eta antzeko beste arau batzuk izango dira.
Bestetik, banketxeko langileentzat ere irizpide batzuk jarriko dituzte, ezagutza, harrera edo laneko hizkuntza gisa.