Herritarrek informazioa eskura izan dezaten Ormaiztegi App sortu dute
Udalak eta ACV Multimediak elkarlanean egin dute aplikazio berria. Helburua «herritarrengana erraztasunez gerturatzea» dela azaldu du Jon Enrique Galarzak
Ormaiztegiko Udalak eta ACV Multimedia enpresak elkarlanean, Ormaiztegi App aplikazioa sortu dute, Guztiontzat, guztiokin lelopean. Atzo aurkeztu zuten Gizarte Etxeko Areto Nagusian Jon Enrique Galarza Ormaiztegiko alkateak eta Josean Telleria ACV-ko arduradunak. Aplikazioaren helburua herrian gertatzen denaren berri ematea, informazioa herritarren esku jartzea eta komunikazio-bideak zabaltzea da.
«Hilabeteak daramatzagu aplikazio honekin lanean. Helburuak argiak dira udalaren aldetik: informazioa guztiontzat eta guztion eskura izatea, eta partaidetza ere sustatzea», azaldu du alkateak. Mugikorra da gaur egun gehien erabiltzen den tresna elektronikoetako bat. Aplikazioak herritarrengana erraztasunez gerturatzea ahalbidetuko du, eta herritarrek ere udalarekin harremanetan jartzeko modua izango da. «Herritarrek informazioa jasotzea eta kontrako bidea ere zabaltzea, hau da, herritarrek udalarekin harreman zuzena izatea».
Paperaren erabilera
Erregistroak egiteko aukera eskainiko du aplikazioak. Ormaiztegiko Udalak hilabeteak daramatza tramitazioak «ia ehuneko ehunean» elektronikoki egiten, eta aplikazioaren bidez paperik ez erabiltzea izango da xedea. «Bandoak eta jakinarazpenak oraindik paperean egiten ditugu. Hilabete batzuk beharko ditugu app-a deskargatu ahala hori murrizten joan eta paperik gabe informazioa herritarren esku jartzeko».
ACV Multimediako Josean Telleriak adierazi duenez, hiru urte inguru dauzka produktuak, eta beste hainbat herritan ere erabili dute. «Beste herrietan bezala, Ormaiztegiko app-ean ere produktu zehatzagoa eta pertsonalizatuagoa egiten saiatu gara». Webgunea erabiltzeko ohiturarik ez duten erabiltzaileengana iristeko aukera emango du. 10 atal ditu: Albisteak, Agenda, Multimedia, Idatzi Udalari, Eragileak, Ezagutu, Tramiteak, Erreserbak, Farmaziak eta Telefonoak.
Jakinarazpenak jasotzeko
Mugikorreko App Store edo Play Store atalean sartu eta bertatik deskargatu behar dute herritarrek aplikazioa. Bilatzailean Ormaiztegi jarrita agertuko da. Udaleko logoa duen app-a deskargatu eta instalatu behar da. Instalatzerakoan, Push Alertak aktibatzea gomendatu dute, modu horretan udalak bidalitako Whatsapp edo SMS mezuak jasoko baitituzte herritarrek.
Informazioa jasotzeaz gain, konpondu beharrekoen jakinarazpenak edo proposamenak bidali ahalko zaizkio udalari. Eragileen atala osatzeko deia egin dute, zerrendan falta diren eragileek ere parte har dezaten.