Sara Zufiaurrek Udazkeneko Zikloko lehen saioan joko du
Arah taldeak euskal musika dantza garaikidearekin eta perkusioarekin uztartzen ditu. Kontzertua igandean izango da, 19:00etan, Labeaga aretoan
Pandemiak eragindako urtebeteko geldialdiaren ondoren, urretxuarrek goi mailako musikaz gozatzeko aukera izango dute Goiargi abesbatzaren, udalaren eta aldundiaren eskutik. Igande honetan Udazkeneko Musika Zikloaren 35. edizioa hasiko da. Lehen kontzertua Arah taldeak emango du. Talde honetan Sara Zufiaurre urretxuarrak eta Gabriel Mesado bere senarrak jotzen dute.
Arah taldearen kontzertua Labeaga aretoan izango da, 19:00etan. Talde hau Euskadiko Orkestrako bost kidek eta Garazi Zabaleta konposatzaile beasaindarrak osatzen dute. Euskadiko Orkestrako bost kideak Sara Zufiaurre klarinete-jotzailea (Urretxu), Larraitz Oiartzabal biolin-jotzailea (Andoain), Raquel Cortinas bigarren biolin-jotzailea (Suitza-Mexiko), Delphine Dupuy biola-jotzailea (Frantzia) eta Gabriel Mesado biolontxelo-jotzailea (Katalunia) dira.
Hiru kolaboratzaile dituzte: Igor Arostegi perkusionista (Tolosa), Arantxa Gastesi pianista (Ataun) eta Garazi Etxaburu dantzaria (Ondarroa).
Arah taldeak euskal musika dantza garaikidearekin eta perkusioarekin uztartzen ditu. Zabaletak moldatutako euskal kanta ezagunak eta Zabaletak konposatutako obrak joko dituzte. Beasaindarrak konposatutako kanta euskaldunak Arin-arina, Fandangoa, Nere herriko neskatxa maite, Mikel Laboaren mix bat, Xalbadorren heriotzean eta Agurra dira.
Beste bi kontzertuak San Martin de Tours elizan izango dira, 19:00etan. Azaroaren 1ean Anuna abesbatzak abestuko du eta azaroaren 7an Suhar gizonezkoen abesbatzak.
Irlanda eta Euskal Herria
Anuna Irlandako talde bat da. Michael MacGlynn zuzendariak konposatutako kantak eta Irlandako kanta tradizionalen moldaketak abesten dituzte. Mundu osoko areto garrantzitsuetan abestu dute: Amsterdam, Beijing, Shangai, New York, Tokio…
Suhar abesbatzari dagokionez, esperientzia handia duten gizonezkoek osatzen dute. Esteban Urzelaik sortu zuen eta Amaia Zipitria pianistarekin abesten dute. Urzelai Donostiako Orfeoiko zuzendariordea izan zen eta Espainiako Abesbatza Nazionaleko zuzendariordea da. Gure arbasoen gizonezkoen koruen kontzeptua eraldatu nahi du, sukaldariek sukaldaritzarekin egin zuten bezala: erroei gogor eutsiz, baina proposamen berriak eskainiz.
Urretxun Mendelssohn, Parker, Schubert, Grieg, Vaughan Williams, Biebl, Aita Donostia, Madina, Ugalde, Busto eta Sarasolaren obrak abestuko dituzte.
Zikloa atzo goizean aurkeztu zuten, Urretxuko Aizpurunea kultur etxean. Ekitaldian Maialen Fidalgo zinegotziak eta Goiargi Abesbatzako Javier Arratibelek eta Mikel Lizarraldek parte hartu zuten.
Fidalgok eskerrak eman zizkien Goiargiko kideei. «Zuek gabe ezingo genuke ziklo hau antolatu».
Arratibelek eta Lizarraldek egitaraua «primerakoa» dela esan zuten eta bizilagunak kultur ekitaldietan elkartzeko ohitura berreskuratzera animatu zituzten.