Sin Mala Intencion taldea osorik izango da biharko kontzertuan
Azken diskoa argitaratu zutenetik, talde osoa eskenatokian bilduko duten lehen aldia izango da. Igartza jauregian joko dute.
Sin Mala Intencion taldeak Igartzako Jauregian kontzertua eskainiko du bihar, 22:00etan. Ez da aldez aurreko sarrerarik hartu behar.
Emanaldi «berezia» izango dela aurreratu dute. Izan ere, Cuando llueve demasiado Euri gehiegi egiten duenean diskoa kaleratu zutenetik lehen aldia izango da taldekide guztiak batera taularatuko direna. Taldearen bigarren diskoa duela urtebete argitaratu zuten, baina pandemia dela eta, aurkezpen bira formatu akustikoan egin dute orain arte. Beasaingoan rock doinu elektrikoak berreskuratuko dituzte.
Abesbatzei testigua
Sin Mala Intencionek abesbatzei emango die Igartza Musika zikloko testigua. Urte amaierara arte Letoniako Abesbatza Nazionalaren, Kup abesbatzaren eta Loinatz abesbatzaren emanaldiak izango dira. Igartza Bekaren entzunaldiak ere egingo dituzte azaroaren 20an eta 21ean.