Sormen esperientzia familian
Ikertzeren Hip Hip Urri ekimenaren barruan, bihar, familiei zuzendutako sorkuntza tailerra egingo dute Ormaiztegiko arboladian. Aurrez izena eman behar da.
Urtero bezala, urriko asteburuetarako Hip Hip Urri ekimena jarri du martxan hezkuntza proiektuak garatzen dituen Ikertze elkarteak, kultur aisialdia bultzatzeko helburuz. Aurten Ikertzeren 30. urteurrena izanik, ‘Jolasak leihoan’ jarduerak berreskuratu dituzte, familian partekatutako prozesu sortzaileak sustatzeko. “Sortzea jolastuz, inprobisatuz.”
Artista desberdinekin tailerrak antolatu dituzte, eta Donostiaz gain, Goierrin ere egingo dituzte jarduerak. Aurreko asteburuan Itsasondon izan zen. Bihar, berriz, Ormaiztegin egingo dute tailerra, bi txandatan: 16:30etik 18:00etara eta 18:30etik 20:00etara, Arboladian. 5 urtetik gorakoentzat izango da. Parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman behar dute, ikertze@ikertze.net helbidera idatzita edo 943 31 04 61 telefonora deituta.