Udalak 400 familiako komunitate energetikoa sortu nahi du
"Km0 energia berdearen autoekoizpena" da helburua; kooperatiba bat sortu eta eguzki-plaken parkea eraiki eta ustiatuko dute familiek.
Beasaingo Udalak milioi bat watteko parke fotovoltaikoa sortu nahi du. Familia bakoitzak behar duen energia sortzeko adina eguzki-plaka izatea da plana. Horretarako, gutxienez 400 familiako komunitate energetikoa sortzea bultzatuko du. Familiek kooperatiba bat sortuko dute eta parkea eraikiko eta ustiatuko dute. «Km0 energia berdearen autoekoizpena», laburbildu du Leire Artola alkateak. Norbanakoenez gain herriko elkarteen partaidetza ere lortu nahi dute.
Eusko Jaurlaritzaren helburua da 2030erako energiaren %20a iturri berriztagarrietatik lortzea. Udalaren ustez auto-ekoizpeneko instalazioak eta komunitate energetikoak «ezinbesteko tresnak» izango dira nahia lortzeko.
Udalak herritarrek informatzeko prozesua jarriko du martxan. Beasaindarren artean horrelako ekimen batek izan dezakeen interesa eta atxikimendu maila ezagutzeko ere baliatuko dute. Emaitza positiboa bada, kooperatibako bazkideen atxikipena sustatuko dute; eta, azkenik, parkea gauzatuko dute. Proiektuak «behetik gora» diseinatu dutela azaldu du Artolak. Halere, «ahalik eta azkarren» osatu nahi dutela ez du ezkutatu. «Klima aldaketaren aurkako borroka gure helburu estrategikoetako bat da, ondorioak pairatzen ari garelako eta horrek gure eta etorkizuneko belaunaldien ongizatean eragiten duelako».