Unai Ariztimuñok gidatuko du etzi Goizeresiren 39. Beasaingo Txistu Alardea
Alardea pergolatako frontoira itzuliko da; aurretiazko kalejira ere berreskuratu dute. Inguruko herrietako txistulariak izango dituzte alboan; baita ere herriko beste hainbat kultur eragile
Beasaingo Txistu Alardea etzi izango da, 19:30ean, Gernika Pasealekuko frontoian. Ohiko lekura itzuliko dira, iaz edukiera errazago kontrolatzeko Usurbe Antzokian egin ostean. Kontzertuaren aitzineko kalejira ere berreskuratuko dute. Ordu erdi lehenago Basakana tabernatik irtengo dira, kalez kale pergoletako frontoira iritsi arte.
Adin eta gustu guztietarako abestiak joko dituzte. Klasikoagoak eta berriagoak, En Tol Sarmientoren Zurekin batera kasu. Erraldoiei eta dultzaineroei ere garrantzia handiagoa eman nahi izan die. Hamahiru pieza joko dituzte denera.
Goizeresiko txistulariek inguruko herrietako txistularien laguntza izango dute: Ordiziatik, Urretxutik, Idiazabaldik, Legazpitik… helduko dira. 35 bat txistulari izango dira oholtzan. Baina ez dira bakarrik egongo: Ma-ddi Otamendi eta Julen Iraola abeslariek, Anjel Unzue gitar-jotzaileak, Amaiur Cajaraville baxu-jotzaileak, Karlos Alcala bateria-jotzaileak, Aitor Furundarena soinujoleak, Asier Capon, Ivan Luque eta Mikel Maritorena dultzaineroek eta Aurtzaka Dantza Taldeko kideek lagunduko dituzte. Goizeresikoek guztien laguntza eskertu dute.
Unai Ariztimuñok zuzenduko ditu. Joseba Ibargurenen lekua hartuko du. «Unai txistu ikasketak egiten ari da kontserbatorioan eta bera zen egokiena», azaldu du Ihintza Arrondo Gozeresiko kideak.
Ez da aldaketa bakarra izango. Aurtengo alardea ohi baino astebete lehenago izango da. Arrondok azaldu du hurrengo asteburua luzea denez, egokiagoa iruditu zaiela oraingoa.