Beasaingo udal gobernuak 17,6 milioiko aurrekontua proposatu du
Proposamena aurtengo aurrekontua baino milioi bat euro handiagoa da. Zerbitzu saileko aurrekontuak izango luke igoerarik handiena, ia %9koa. Urte hasierarako aurrekontuak zehaztuta izan nahi dituzte

Beasaingo udal gobernuak (EAJ) egin du 2022rako aurrekontuaren proposamena. 17.665.000 eurokoa izatea aurreikusi dute. Hau da, egungoa baino miloi bat euro gehiago. Beasaingo Udalaren kasuan lehen aldia litzateke aurrekontuak 17 milioiren langa gainditzen duela.
Udal gobernuak bost ardatz bereizi ditu: gobernu onaren kudeaketa eredua; jarduera ekonomikoa eta tokiko enplegua; herritarren ongizatea eta bizi kalitatea bermatzea; herri nortasuna; eta jasangarritasuna. “Herritarrei egokitzen den udalerri atsegin, eroso eta irisgarri bat” dute jomuga.
Zerbitzuen sailak izango luke gorakadarik handiena, ia %9koa. “Udalerriko azpiegiturak hobetu eta konpontzea lehentasuna da udal gobernuarentzat”, azaldu dute. Diru horrekin hasitako hainbat proiektu “epe laburrean” amaitu nahi dituzte: Nafarroa etorbidearen eta Oriamendiren arteko igogailua edo Urbi-etxean egingo den Aranealde erretiratu elkartearen egoitza berria, kasu; eta beste proiektu batzuk, martxan jarri: Barrendain plazaren birgaitzea edo Bonberia eraikinaren erakusketa, esaterako, gerora areto bilakatzeko. “Finean, Beasain atseginago, erosoago, irisgarriago eta finean bizigarriagoa eraikitzen jarraitzeko”, diote.
Ongizatera bideratutako partida ere %3 pasatxo gizenduko lukete, inor “atzean bazterturik” gera ez dadin. 265.265 euro esku hartze programetara bideratuko lituzkete, adineko pertsonei, euren familiei, egoera bereziak bizi dituzten pertsonei… ematen zaien arreta hobetzeko.
Aurrekontu honekin ekonomia ere hauspotu nahi dute. Alde batetik, enplegu “duina” eta “egonkorra” sortzeko politikak iragarri dituzte; eta, bestetik, Berrabiarazi programaren bidez tokiko enpresei digitalizazioan eta nazioartekotzean laguntzeko finantziazioa bideratuko lukete. Tokikoa ahaztu gabe, lokal hutsak betetzeko laguntzak, herrian erosteko sentsibilizazio kanpainak eta Beasaingo azoka Goierriko azoken plataforman txertatzeko tramiteak ere ordainduko lirateke. “Enpleguaren sustapena eta tokiko ekonomia bultzatzea lehenesten duen kudeaketa zuhurra” egingo duela zin egin du udal gobernuak.
Haur eta gazteei zuzendutako egitasmoak
Beasaindar gazteenei bideratutako aurrekontu-partidak ere aurreikusi dituzte. Esaterako, etxebizitzaren alokairuari aurre egiten laguntzeko dirulaguntzak eskainiko lizkiekete gazteei; nerabeentzako proiektuak ere iragarri dituzte, aurten egindako haur eta gazteen egoeraren diagnostikoan identifikatutako hutsuneak betetzeko.
Beasain berdeago bat lortzeko proiektuak ordainduko lituzkete aurrekontuarekin. Hor sartuko lirateke Mugikortasun Plana, ibaien garbiketa eta ekosistemen hobekuntzarako ekimenak, komunitate energetikoaren sorrera… Halaber, datorren urtean Beasaingo Klima eta Energia Iraunkorraren Plana abiarazi nahi dute, klima aldaketaren inguruan egin beharreko esku-hartze nagusien gidalerroa marrazteko.
Herriko elkarte eta eragileentzako partidari eutsi egingo liokete. “Pandemia aurreko egoerara” itzuli nahi dute eta Loinatz Jaietarako edo Ehunmilak probarako partidak aurreikusi dituzte. Kirol arloan, Loinatz Txirrindulari Elkarteari bideratutako laguntzak handitzea espero dute, emakumeen jarduna indartzeko.
Beasain euskaldunagoa eta parekideagoa
Beasaingo udal gobernuaren asmoetan euskarak eta parekidetasunak ardatz guztiok zeharkatuko lituzke. Aittu Euskara Taldearekin elkarlana eta Herrilab proiektuaren luzapena dira egitasmoetako batzuk.
Asmo guztiak egingarriak direla diote, “zorpetu edo banku-kredituak eskatu beharrik gabe”. Horretarako, “gobernu onaren kudeaketa eredua eta gastuak egindako kontrol zuhurra” goraipatu dute.
Halere, udal gobernuak egindakoa proposamen bat besterik ez da. Oposizioko taldeek ere eurenak egingo dituzte, eta gerora udalbatzan bat onartu beharko dute. Udal gobernuak 2022a hasterako zehaztuta izatea nahiko luke.