Gaztelupe elkarte berriak gaur du lehen jaialdia, Xala gonbidatuta
Pilota elkarte beregain gisa duela hiru hilabete eratu ondoren, Santa Fe jaien izeneko pilota ikuskizuna antolatu du, Zaldibian. Bi partida izango dira, neskena eta mutilena
Goi mailako pilota partidak gaur itzuliko dira Zaldibiara, iazko hutsunearen ondoren. Santa Fe jaietakoaren partez, Gaztelupe pilota elkarte sortu berriak antolatu du. Resti pilotalekuan, gaur 18:30ean hasiko da. Sarrera doan da, eta borondatea eskatuko diete ikusleei, mondeju batzuen zozketaren aitzakian.
Bi partida ikusi ahalko dira, eskuz binakakoak biak. Lehenbizi, Amaia Aldai-Olatz Ruiz de Larramendi, eta Iera Agirre-Maite Ruiz de Larramendi bikoteak ariko dira. Emakumeen Master Cupeko txapeldunak dira, besteak betse. Maite eta Olatz Ruiz de Larramendi nafarrek izeba-ilobak dira elkarren aurka jokatuko dute.
Ondoren, bigarren partidan, Yves Salaberri Xala lekuindarra eta Ivan Azantza iberoarra batetik, eta Beñat Azketa beasaindarra eta Aitor Elizegi zaldibiarra bestetik, lehiatuko dira.
Pilotarekin gozatzeko
Duela bi urte Titinekin eta Merinorekin bezala, Xala ekarrita piztu nahi dute Gaztelupekoek pilotaren harra Zaldibian. Upelpelota enpresakoak dira Xala eta Azantza, jaialdiak moduagoan eskaintzen dituena; 2011ko buruz buruko txapeldun izandako profesional ohia lehena, jauzia egiteko zorian ibili den amateurra bigarrena.
Aurkari, Elizegi herritarra eta zaldibiar jatorria duen Azketa. Afizionatuetan punta-puntan dabiltza, Zegamako Tartaloetxe elkartearen ordezkari. Gipuzkoako eta Euskal Herriko kluben arteko txapelketak, eta ohorezko Euskal Liga irabazi dituzte. Gaztelupe duela hiru-bat hilabete eratu zuten elkarte beregain bezala. Gailurrerantz elkartearen barruan landu izan da orain arte pilota Zaldibian mendia, areto futbola eta txirrindularitza ere bai, baina kirol mota bakoitzeko juridikoki bereizitako taldeak sustatzen dituenez administrazioak, aparte eratu dute. Jaione Izagirre da lehendakaria. Sei-zortzi bat laguneko talde eragilea da, pilota eskola kudeatu eta jaialdi-ikuskizunak antolatzeko xedea duena. Gaur, bigarren zutabe hori tokatzen da. Xala bezalako figura bat eta emakume onentsuenak ekarrita, jendeak pilotarekin gozatzea nahi dute, eta pilotariek ikuskizuna eman dezatela.
Gazteluperen babespean, 50 haurpilotari ematen
Zaldibian gaur egun 50 bat neska-mutiko dabiltza herriko pilota eskolan, Gaztelupe elkartearen babespean orain. Kirol mota horren eskaintza ziurtatzea du helburuetako bat elkarteak, lehen Gailurrerantzeko adarrean egin bezalaxe. Horrekin batera, urtean jaialdiren bat edo beste antolatzeko ohiturari segituko diote.
Pilotan haur asko hasten badira ere, LH6 bukatutakoan eta herriko eskolatik joandakoan, «%90ek futbolera» alde egiten diete. Baina jarraitzen dutenei aukera eskaintzeko konpromisoa dute: «Aukera eman beharra dago besteei ere, futboletik aparte beste zerbait egiteko».