Noir Socha talde ordiziarrak lehen EPa aurkeztuko du Ordiziarrocken
Hainbat taldetan aritutako musikariek osatzen dute Noir Socha taldea. "Rock alternatiboa" egiten dute, 90eko hamarkadako soinuekin. Bost abestiko EP berria besapean dutela datoz.
Jeff Buckleyren Gracediskoari omenaldia egin ondoren, 2017an, aurretik egindako bide guztia ahaztu gabe –Erga Omnes, Fitter Happier, El Cerdo que Grunge, Lain, Nuke,…taldeetan ibiliak dira–, baina proiektu berri bati ekiteko gogoak eta konposizio eta nortasun propioa erakusteko grinak sortu zuen Noir Sochatalde ordiziarra. Joseba Basarte (gitarra eta ahotsa), Suso Donsion (baxua), Joseba de Arriba (gitarra), Iban Martin (teklatua eta perkusioak), eta Xabier Lopez Atxega (bateria) dira Noir Socha, eta Ordiziarrock jaialdiaren 18. edizioan, apirilean argitaratu zuten EP-a aurkeztuko dute. «Gogotsu gaude lan berria gure jendearen aurrean aurkezteko».
Aurkezpen modura, taldearen izenaren inguruan honela diote: «Socha, John Koening idazleak sortutako neologismo bat da, eta gutariko bakoitzak sentitzen dugun zaurgarritasuna edo bulnerabilidaea definitzen du, gizabanako gisa, besteen aurrean, gizarte gisa, urruneko, harrizko eta pitzadurarik gabeko gizarte multzoaren aurrean. Noir, berriz, beltza, kalifikatzen duen adjektiboa da».
Noir Soch, taldekide bakoitzaren «izaeratik» eta «leialtasunetik» sortu, handitu eta nortasun propioa lortu duen proiektua da, hala ere nabari dira «Kiwanuka, Jeff Buckley, 90eko hamarkadako grunge-a, baita Pink Floyd ere,…».
Nolabait definitu beharko balute, «90eko hamarkadako rock soinua dugu, baina guk rock alternatiboan utziko genuke». Ez dute uste Noir Socha «revival» bat denik; «garai horretan hezi ginen musikalki, baina 2021ean ditugu oinak».