Ordiziarrock, betiko moduan
Betiko xarma berreskuratu du Ordiziarrock jaialdiaren 18. edizioak. Gaur, Oki Moki, Bamms eta Ezpalak, eta bihar, Noir Socha, Sua eta Grises taldeek joko dute. Sarrerak webgunean eta sare sozialetan dituzte salgai.
Azken urte eta erdiko gorabeherekin ere, etenik ez du egin Ordiziarrock jaialdiak, baina aurten bai, betiko xarma berreskuratu eta sekula baino indar eta ilusio gehiagorekin dator 18. edizioa, aro berri baten lehena baino ez dena. Bi eguneko jaialdia, sei musika proposamen, eta hainbeste denboraren ondoren, segurtasun neurri gogorrenak bertan behera direla, Ordiziako Beti Alai pilotalekura itzuliko da jaialdia. Hasi gorputzak berotzen, publikoa berriro ere zutik, nahi beste dantza egitea posible izango delako. Garai desberdinak direla gogoratuko duen gauza bakarra, musukoaren derrigortasuna izango da.
Euskal Herriko zaporea izango du 18. Ordiziarrock jaialdiak, izan ere, aurtengoan joko duten sei taldeak, Euskal Herrikoak dira. Sei talde, sei proposamen desberdin euren artean, norbere ukitua emango diona. Gaur arratsaldean, 20:00etan ekingo diote. Oki Moki Getariako bikoteak, punkpop lofi doinuez bustiko du jaialdia. Bamms donostialdeko boskotearen eskutik etorriko da pub-rock eta punk-rock-a, eta Ezpalak talde zestoarrak rock-arekin borobilduko du.
Bihar, berriz, 19:00etatik aurrera, Noir Socha talde ordiziarraren, Sua mungiarren, eta Grises zestoarren txanda izango da. Ordiziarrak, ukitu propioa duen rock alternatiboan mugitzen dira, eta apirilean kaleratu zuten taldearen izen bera duen lehen EP-a aurkeztuko dute etxean. Mungiarrek, rock, pop eta post-punk kutsua jarriko dute, eta Grises taldeak osatuko du pop, rock eta erritmo dantzagarriekin.
Umiltasun izpirik galdu gabe, eta urtetik urtera hobetzen jarraitzeko asmo irmoarekin, esan behar da, lehenengo urtetik, maila goreneko jaialdia antolatzeko lan egin duela Ordiziarrock ekintzak taldeak edizioz edizio, eta aurten ere, ez da gutxiago izango. «Sorpresak» izango direla aurreratu dute, «frontoia Ordiziarrock erara jantziko» dute eta «teknikoki pauso handi bat» emango dute «ikus-entzunezko oso potente batekin».
Gorreria dutenentzat bukle magnetikoa jartzeko aukera egongo da, aurrez eskatuta.
Sarrerak salgai
Sarrerak, 10 euroren truke eros daitezke, Ordiziarrock ekintzak taldearen sare sozialen bidez, ordiziarrock.com webgunean sartuta, edo kontzertuen aurretik leihatilan.