San Jose egoitzan hildakoak eta langileak omendu ditu Gipuzkoako Senideak elkarteak
Ordiziako egoitzan hildako adineko pertsonak oroitu dituzte, eta exijitu dute "zaintza publikoa eta duina". Langileek "asko eskertu" dute keinua.
Ordiziako San Jose adineko pertsonen egoitzan hildako pertsonei omenaldi xume bat egin zieten atzo arratsaldean Ordiziako Plaza Nagusian, Gipuzkoako Senideak elkarteko kideek antolatuta. Era berean, eskerrak eman zizkieten, “egoerari baliabide nahikorik gabe aurre egin behar izan zioten egoitzako langileei”. Bertaratu ziren langileek, emozioz beterik jaso zuten aitortza. Adierazi zuten, 2020 urteko martxotik bizi dutena “oso-oso gogorra” izaten ari dela, eta horrelako keinuak, “eskertzekoak” direla.
Lore sorta eskaini zieten omenduei eta Amets Bide dantza taldeko gaztetxoek agurra dantzatu zieten, Ordiziako Txistularien laguntzarekin. Egoitzako senide eta langileekin batera egon ziren ekitaldian, Ordiziako Udal gobernu taldeko ordezkariak, Goierriko Pentsiodunak, eta beste hainbat herritar.
Ordiziako Plaza Nagusiko ekitaldia baliatu zuten erakundeei exijitzeko “zaintza publikoa, kalitatezkoa eta duina”, eta horren bidean, “adineko pertsonen egoitzetako lan gatazka luzeari konponbidea ematea guztiz beharrezkoa” dela nabarmendu zuten, Gipuzkoako Senideek.
Plazako ekitaldiaren ondoren, hemendik aurrera egoiliarren senideen elkarteak hartuko duen norabidearen berri eman zuten.