Iztuetaren esneki berriak ezagutzera eman dituzte
Lazkaoko enpresaren Beasaingo makina berrian arroz-esnea, natillak, gurina eta gasna gozoa ere erosi ahal dira
Lazkaomendiko Iztueta enpresak produktu berriak eta makina berria aurkeztu ditu gaur Beasainen. Makina berria zaharraren toki berean dago: geltokiaren parean. Ekitaldian familiako Mariaje Intsausti eta Eñaut Salak, Iker Markinez sukaldariak eta Adur Ugartemendia zinegotziak parte hartu dute. Iztuetaren makina berrian, orain arteko produktuez gain, jogurt handiak, arroz-esnea, natillak, gurina eta gasna gozoa (petit-suisse modukoa) eskura daitezke.
Salak eta Intsaustik Beasaingo esne makina zaharrak 10 urte zituela gogoratu dute eta Beasaingo Udalari eskerrak eman dizkiote beti eman dizkieten erraztasunengatik. “Makina berria konfinamenduan jarri genuen eta, egoerak hobera egin duela baliatuz, inauguratzea erabaki dugu. Iztueta baserrian 1925ean hasi ginen behiekin lanean. Beti naturarekin bat. Animalien ongizatea zainduz. Behien elikagai nagusia gure zelaietako belarra da. Ondorioz, esnea primerakoa da. Gainera, ziklo osoa guk egiten dugu: txahala jaiotzen denetik, makinara arte. Makina berrian produktu berriak ere eskura daitezke: jogurt handiak, natillak, arroz-esnea, gasna gozoa eta gurina. Gasna gozoa petit-suisse bat da, gozoa eta lodia. Bi zapore daude, naturala eta limoizkoa. Natillak eta arroz-esnea gure amonek egiten zituztenak bezalakoak dira”.
Iker Markinez sukaldaria Iztuetakoen aholkularia da. “Plazera da gaur hemen egotea. Etxean nago. Iztuetakoek produktua, ilusioa, berritzeko gogoa… dute. Niregana etortzen direnean, nondik jo esaten diet. Beraiek asko dakite, baina hala beste iritzi bat jasotzen dute. Iztuetan egiten duten guztia etxean egina da, maitasun handiz. Pandemiarekin, geroz eta jende gehiagok defendatzen du zer jan, zer izan lema”.
Produktu berriak ere bikainak direla esan du. “Arroz-esnea egiteko arroza bertakoa da, Nafarroakoa, eta ekologikoa da. Proba asko egin ditugu produktu berriak kaleratu aurretik. Guztia gozoa eta osasuntsua da. Hilabeteetako lana dago atzean. Iztuetakoekin lan egitea plazera da. Lanetik atera, baserrira joatea eta probak egitea plazera da. Makina honek ematen dituen kalitatezko produktuak luxua dira”.
Ugartemendiak bertako produktuak kontsumitzearen garrantzia azpimarratu du. “Udalak erraztasun guztiak eman dizkio Iztuetari eta ingurua txukundu du. Gure ekoizleak babestea oso garrantzitsua da. Gizartea oso azkar ari da aldatzen eta kontsumo ereduak aldatu egin dira. Hori dela eta, kontsumitzaileei erraztasunak eman behar zaizkie”.