Elkarbizitzarako urratsak ematen Zaldibiako herritarrak
Zaldibitarrek Aniztasun festa ospatu dute elkar gehiago ezagutu ahal izateko
Etxekonekok elkarteak antolatuta, Aniztasun Festa egin dute gaur eguerdian Zaldibian. Herrian bizi diren jatorri ezberdinetako familiek beraien herrialdeetako kulturaren eta gastronomiaren berri emateko aukera izan dute bertan. Guztira 13 postu inguru jarri dituzte plazan inguratzen ziren herritarrei jan-edana eskaintzeko asmoz.
Jaiaren helburua «elkar gehiago ezagutu» eta «herritarren arteko elkarbizitzan pausuak ematen jarraitzea» dela adierazi dute antolatzaile zein parte-hartzaileek. Postuez gain, herrialde bakoitzaren kultura eta ohiturak zein ziren azaltze aldera, azalpen laburrez hornitutako kartelak ere itsatsi dituzte frontoian zehar.