Etxez etxeko zaintza zerbitzuko langileek greba egingo dute
Beasaingo etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek zazpi eguneko greba iragarri dute. Euren egoera ez dela hobetu diote eta «urrats bat egin» eta grebara jotzea erabaki dute. Bi hilabete daramatzate lan-baldintza duinak eskatzeko protestan.
Lanuzteak azaroaren 8an hasiko dira. Bitartean, udaletxearen atarian protestak egingo dituzte egunero, 11:30ean. «Enpresa nola, udala ere bada egoeraren erantzule», diote. «Beasaindarrek jarritako baliabide publikoak lehentasun horietara bideratu behar dira eta ez enpresa pribatuen etekinak gizentzen jarraitzera». Goxara enpresa ustiatzaileari ELAk aurkeztutako lan-hitzarmen plataforma onartzeko eskatu diote.
Udala eta Goxararen artean
Beasaingo Udala da etxez etxeko arreta zerbitzuaren titularra, baina Goxara enpresa pribatuaren esku uzten du ustiapena; Goxarak 30 bat langile ditu kontratatuta eta lan egiten duten orduen arabera kobratzen dute; langileak kexu dira soldatan gora behera handiak dituztela ondorioz. Gainera, lan baldintzak ez direla egokiak diote, eta eskaintzen duten zerbitzua ez dela behar bezalakoa horregatik.
Goxarak dio udalak ezarritako baldintzak betetzen dituela. Udalak, berriz, «esfortzu ekonomiko handia» egiten duela jada: Malu Valles Ongizate Saileko zinegotziak iraileko udalbatzan azaldu zuen beasaindar bakoitzari hamasei euro kostatzen zaiola zerbitzua kontratatzea, eta udalari 23 eta 27 euro artean, BEZa kontuan hartu gabe. «Zerbitzu honek kostu handia du Beasaingo herriarentzat, bai pertsonala bai ekonomikoa», azpimarratu zuen. Gainera, kontratua eteteko arrazoi nahikorik ez dagoela esan zuen eta bien bitartean adostutakoa bete egin behar dela. 2022ko azaroan iraungiko da kontratua.
Langileek ez dituzte protestak alboratuko azarora arte eta gaur bertan beste kontzentrazio bat egingo dute. Zubimusun elkartuko dira, 18:30ean.













