Amaren suari, hauspoa
Beasainek Euskalzaleen topaguneak antolatutako 'Haurren aurrean, helduak heldu' ariketan parte hartuko du. Euskararen egunerako Marirekin zita egin dute
Beasaingo euskalgintzaren mahaiak amaren sua piztu nahi du. Euskararen erabilera hauspotu nahi dute, argiago esanda. Leire Artola alkateak nabarmendu du erabileran aurrera pausoak eman behar direla, eta baliabideak jarriko dituzte horretarako: Beasainek Haurren aurrean, helduak heldu ariketan parte hartuko du, azaroan 22tik abenduren 5era bitartean.
Euskaltzaleen topaguneak antolatu duen ekimena da, praktika sustatzeko. 0 eta 12 urte bitarteko umeekin harreman zuzena duten helduak euskaraz hitz egiten jarri nahi dituzte, gaztetxoenen hizkuntza ohituretan eragiteko. “Euskararen erabilera ohikoa, bat-batekoa eta berezkoa duten haurrak, aise mintzatu eta hizketan eroso arituko direnak nahi baldin baditugu, hizkuntza portaera parekoak ikustea eta ikastea garrantzitsua da”, diote topagunetik. “Euskaldunekin euskaraz egitearen ohitura eta nahia sozializatzeko, koherenteak izan behar dugu eta eredugarri jokatu”.
Euskararen eguna ariketa bete betean izango da. Mari aurten ere herrira jaitsiko da, euskararen aldeko mezuarekin. Aurten ekitaldi jendetsuagoa egin nahi dute: iaz, osasun larrialdiagatik ezarritako murrizketen erruz, Araban bagare abestia txistu bakarrarekin jo zuten. Aurten, Beasaingo ikastetxeetako ikasleek abestu ere egingo dute. Patxi Saez Aittu euskara elkarteko presidenteak azaldu du urteroko ekitaldia bilakatu nahi dutela.
“Euskarak egiten gaitu herri”
Amaren suak Bittor Kanpanaga euskalzalearen metafora bati egiten dio erreferentzia: Kanpanak Gabriel Aresti poetari erantzun zion Nire aitaren etxea defendatzea ongi dagoela, baina amaren sua garrantzitsuagoa dela: Aitaren etxea egitura –Beasain– bada, sua –euskara– izatea da. “Euskarak egiten gaitu herri”, gogorarazi du Saezek. “Elikatu dezagun sua eta bere epeltasunaren inguruan elkartu gaitezen”, dei egin du. Bakoitzak “ahal duena” emateko eskatu du.