Iraitz Zubizarretak promozio txapelketako finala jokatuko du
Finalaurrekoan Javier Zabala mendean hartu du, 13-5eko markagailuari buelta eman eta gero. Finalean Bakaikoa izango du aurkari.
Iraitz Zubizarretak promozio mailako lau t’erdiko txapelketako finala jokatuko du, atzo Javier Zabala mendean hartu eta gero. Partida gogorra eta gogoangarria izan zen, eta pilotari ataundarra pozik eta ilusioz dago finalari aurre egiteko. Bakaikoa izango du aurkari.
Final aurrekoa ez zen batere erraza izan, ordea. Errioxarrak abiadura handia eman zion hasieratik jokoari, eta 13-5 aurrea hartu zuen. Zubizarreta III.ak sufritu egin zuen partidaren lehen erdian. Handik aurrera, ordea, egoerari buelta eman zion, eta pixkanaka Zabala behera egiten hasi zen. Sakearekin asmatu eta bost tanto segidan egin zituen. Ataundarra gozatzen hasi zen, eta errioxarra gainbehera; eskuko mina izan zuela esan zuen gero haren botileroak. 14-17 aurrea hartu eta azken tantoetan gozatu egin zuen Zubizarretak, azken 17-22kora iritsi arte.
Iraitz Zubizarretak “oso gustura” hitz egin du, “lehendabiziko finala” izango baitu. Profesional mailan egin duen urtebeteko ibilbidean, “partidarik sufrituena” izan duela aitortu du, baina baita “gehien disfrutatu” duena ere.
Final aurrekoa gaindituta, promozio txapelketako finala da ataundarraren hurrengo erronka. Joanes Bakaikoa etxarriarra izango du aurkari. Finala datorren asteburuan jokatuko dute, oraindik eguna, ordua eta frontoia zehaztu ez badituzte ere.