Mendizaletasuna galaz jantzi da
Ordizian ospatu da Mendizaletasunaren Galaren 25. ekitaldi berezia, Ordiziako Mendizaleak Taldeak antolatuta. Sarituen artean hainbat goierritar egon dira
Euskal Mendizaleen Federazioaren urteko ekitaldi nagusietako bat da Euskal Mendizaletasunaren gala. Bertan, urtean zehar mendiarekin lotutako jardunean nabarmendu diren kirolari nahiz eragileak saritzen dituzte. Horrez gain, Pyrenaica aldizkariaren sariak ere banatu dituzte. Aurtengoa, 25. ekitaldia izan da eta ez da kasualitatea Ordizian ospatu izana, izan ere, 75 urte bete zituen iaz Ordiziako Mendizaleak elkarteak. Horregatik, eta Ordizian ez ezik, Goierri osoan mendizaletasuna sustatzeko egindako lanagatik, EMFren saria ere jaso zuten.
Ohi den bezala, festa kutsua izan zuen galak; izan ere, ekitaldian zehar dantzak, musikak… alaitasun puntua eman zioten. Baina inolako zalantzarik gabe, gala horretan sariek izaten dute benetako protagonismoa.
Trofeoak banatzen hasi aurretik, EMFko lehendakari Zigor Egiak hartu zuen hitza. «Gure artean ez dauden mendizale guztiak» oroitu zituen lehenik, eta une hori baliatu zuen, aipamen berezia egireko Antxon Burcio legazpiarrari, «segurtasun arloan erreferentea izan baita Euskal Herrian zein estatu mailan, eta Loli Lopez Goñiri, euskal emakume mendizaleen artean aitzindaria izan baitzen».
Ondoren, EMFko zuzendaritza batzorde berriaren sei hilabeteko lan honetan, Nafarroako Federazioarekin egindako akordioak nabarmendu zituen Egiak.
Era berean, EMFren alde borondatez lan egiten duten pertsona guztiei, selekzioetako kirolariei, hautatzaileei , epaile eta gure batzordetan lan egiten dutenei, eta batez ere, gure ekitaldietan parte hartzen duten mendizaleei. Federazioko langileei ere eskaini zizkien esker hitzak.
Goierritarrak
Sarituen zerrenda luzea izan zen, goierritar batzuk ere tartean. Garaikurra jasotzera oholtza gainera igotzen lehena Juan Mari Garmendia izan zen, Ordiziako Mendizaleen elkarteko kidea. Txalo zaparrada batekin lagunduta, pozik jaso zuen trofeoa, Adur Ezenarro Ordiziako alkatearen eskutik.
Goierritarrekin jarraituz, Igor Alzelai legazpiarrak Andres de Regil mendiko eskiko jarduera onenari saria jaso zuen. Euskal selekzioaren mendi eskiko taldea gidatzen du Alzelaik..
Mendizaletasunaren adibide bikaina da Antxon Burcio legazpiarra ere. Iragan abenduan zendu zen, baina oso presente izan zuten galan; euskal mendizaletasunaren alde egin zuen lanagatik, eta mendian segurtasunak duen garrantzia beti balioan jartzegatik, segurtasun saria bere izan zen.
Pyrenaica aldizkariaren sariak jaso zituztenen artean, Carlos Mediavilla argazkilari urretxuarra. Mendi argazkien lehiaketako lehen saria jaso zuen, Barranco de Agaunza bildumagatik. Ez da da hau irabazten duen lehen aldia.
Blogen atalean, berriz, Alberto Mella beasaindarraren Euskal korrikalariak konfinamenduan lanak izan ditu bisita gehien.