Arkeologia ikertzeko atera du Barandiaran Fundazioak 2022ko bekaren deialdia
Iaz etnologiara zuzendu ondoren, beste langintza diziplinara bideratuko du 10.000 euroko ikerketa beka. Azaroaren 30era arte aurkez daitezke proiektuak. 2018ko lanaren fruitua atera dute
Joxe Migel Barandiaranen izeneko ikerketa bekaren 2022ko deialdia abian jarri du haren fundazioak. Euskal Herriko arkeologia eta etnologia dira ekimenaren gaiak, eta urtero txandaka eskaintzen diote bekaren objektua. Datorren urtekoa, arkeologiari egokituko zaio. 1979an sortu zuten ikerketa-beka, Ataungo antropologoari omenaldia egin ziotenean.
Hala, Euskal Herriko arkeologia landu beharko dute bekadunek. Proiektuak aurkezteko epea azaroaren 30ean amaituko da, eta urtea bukatzerako esango du epaimahaiak irabazlea zein den. 10.000 euroko beka jasoko du.
Ikertzaile gazteak
Bekara Euskal Herrian zein handik kanpo bizi diren eta euskal kulturaren alor horretan lanean ari direnek aurkeztu ahal izango dituzte lanak. Hala eta guztiz, Barandiaran Fundazioak ikertzaile gazteei zein hasiberriei «bultzada» eman nahi die. Banaka nahiz talde txikian aurkez ditzakete horiek proiektuak, eta taldean eskarmentu handiagoa duen adituren bat egon liteke.
«Ikertzaile hasi berriak beraien tesi zuzendari edo ikertzaile trebatu batekin aurkezteak kalitate bermea ekarriko luke», aurreratu dute oinarrietan.
Lezetxikiko lana, argitara
2022ko deialdia urrian egin bazuen, hilabete lehenago atera zuen fundazioak 2018ko bekaren lan irabazlea. Barandiaran Bildumaren 21. zenbakian argitaratu dute.
Alvaro Arrizabalaga eta Maria Jose Iriarte-Chiapusso ikertzaileek Lezetxikiko (Arrasate) lan arkeologikoen bilakaera jaso eta xehetu dute, indusketen aroa «itxitzat emateko». Atzokoa eta gaurkoa goiburuz, 1956-1968 eta 1996-2018 bitarteko indusketa-aldien garapena, lanketa eta emaitzak bildu dituzte liburuan.