«Musika ez dugu alde batera utziko»
Guri5 talde goierritarrak azken kontzertua egingo du azaroaren 20an, Ormaiztegiko jaietan. Herriz herri ibili gabe ere, musikaz gozatzen jarraituko dutela azaldu dute Iñaki Rezusta eta Ion Gorrotxategi taldekideek.

Gabiriako eta Ormaiztegiko Guri5 taldeak azken kontzertua emango du azaroaren 20an, Ormaiztegiko jaietan. Bederatzi urte luzeko ibilbidearen ondoren, agur esango du erromeria taldeak. «Ibilbide guztiek izaten dute bere amaiera. Eta bederatzi urteren ondoren, gureari ere heldu zaio berea». Hala azaldu zuten joan den astean sare sozialen bidez taldearen amaiera.
Lagunartean sortu zuten taldea 2012. urtean, jaietan eta mahaiaren bueltan entzuten eta gozatzen zituzten abestiak joaz. «Norberaren gustu musikalak ere garatzen joan dira eta beharrezkoa ikusi dugu amaiera», azaldu du Ion Gorrotxategi kideak. 150 kontzertutik gora eman dituzte harrezkero. Musikarekiko eta elkartzeko grinak, halere, bere horretan segiko du, Iñaki Rezustak azaldu duenez: «Musika ez dugu alde batera utziko, nahiz eta lokalean gure artean ondo pasatzeko izan, bestelako helburu finkorik gabe».
Herriz herri ibili eta plazak alaitu dituzte azken 9 urteetan, eta Gorrotxategiren hitzetan, horrek «lagun mordoa» egiteko aukera eman die. «Asko ikasi dugu musika aldetik, eta taldekideon arteko erlazioa estutze aldera ere asko eragin duen proiektua izan da». Kontzertu guztiek berezitasunen bat izan duten arren, bat aukeratzekotan, Ormaiztegin emandako 100. kontzertua aukeratuko lukete. «Polita izan zen gure lagunak gonbidatu genituelako eszenatoki gainera, eta oso kutuna dugu momentu hura».
Zegaman egin zuten lehendabiziko kontzertua, eta azkena ere Goierrin izango da. Ormaiztegin «oso polita izan den etapa» horri agur esango diote, hilaren 20an. Eskerrak eman dizkiete kontzertuak antolatu eta jotzera gonbidatu dituzten txozna, gaztetxe, taberna edo bestelako eragileei, eta zaleei azken kontzertura inguratzeko gonbita egin diete.