'Bultzkiroltek' egitasmo berriak kiroleko hainbat alorretan sakonduko du
Ordiziako Udalaren ekimena da eta talde profesional bat osatu dute egitasmoa garatzeko. Gai desberdinen inguruko artikuluak eta ikerketak egingo dituzte publiko egingo direnak
Egitasmo berri bat aurkeztu du Ordiziako Udalak, Majori kiroldegian. Bultzkiroltek du izena eta helburua da, kiroleko hainbat alorretan sakontzea. Hala, hilabetero, artikulu bat argitaratuko da eta landuko diren gaiak oso anitzak izango dira: errendimendu arloa, osasun arloa, arlo soziala eta heziketa arloa, besteak beste. Lehenengo argitalpenak, Kirolaren onurak, Entrenamenduaren oinarriak, eta Kirola eta emakumea izango dira.Artikuluez gain, kirol arloko ikerketak ere burutuko dituzte.
Odilo Rivela Majoriko kudeatzaileak zehaztu duenez, «hainbat entrenatzaile eta prestatzailerekin ikerketa eta teknifikazio talde bat sortu dugu egitasmoa aurrera eramateko».
Jon Ander Caballero udaleko kirol zinegotziak gehitu du, «oso pozgarria» dela kirolak Ordizian duen presentzia, «erreferente baikara». Eta bide horretan, «kirol desberdinek dituzten gakoak eta ezaugarriak gehiago ezagutzeko aukera izango dugu egitasmo berritzaile honi esker».
Lantaldea
Profesionalez osatutako lan taldea dago atzean: Iñaki Arratibel, Tolosa kirol medikuntzaren arduraduna, kirol medikua eta EHUko irakaslea; Ane Etxezarreta, Jarduera fisikoa eta kirolaren zientzian graduatua; Koldo Armendariz, Jarduera fisikoa eta kirolaren zientzian graduatua eta Ordiziako Kofit zentroaren arduraduna; Juanma Rivela: Jarduera fisikoa eta kirolaren zientzian graduatua, Custom4 sareko biomekanikoa eta Ordiziako Sasoian kirol zentroaren arduraduna, eta Odilo Rivela, Jarduera fisikoa eta kirolaren zientzian graduatua.
Sare sozialen bidez zabalduko dituzte argitalpenak.