Isasa Euskaltel taldean arituko da hurrengo bi denboraldietan
Amateur mailatik profesional mailara salto egingo du. Denboraldi bikaina osatu du Laboral Kutxa taldean. Muxikako eta Oiartzungo lasterketak irabazi ditu
Xabier Isasa urretxuarra Euskaltel-Euskadiko txirrindularia izango da hurrengo bi denboraldietan, 2022an eta 2023an, Laboral Kutxa taldearekin dituen dohainak erakutsi ondoren. Isasa denboraldiaren bigarren zatian bereziki ondo aritu da.
Urretxuko txirrindulariak denboraldi bikaina osatu du: Muxikako eta Oiartzungo probak eta Helduz txapelketa irabazi ditu. Madrilgo Itzulian bigarren izan da. Baita Antzuolan, Gatzagan, Oñatin, Gernikan eta Aretxabaletan ere. Valentziako Voltan laugarren izan da eta 23 urtez azpiko Giroan lehiatu da.
Isasak 20 urte ditu eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradua egiten ari da Gasteizen. Txirrindularitzari dagokionez, Goierri Kirol Elkartean eman zituen lehen pausoak, amateur mailara heldu zen arte. Amateur mailan Eulen (2020) eta Laboral Kutxa (2020-2021) taldeetan aritu da.
Jorge Azanzak, Euskaltel-Euskadi taldeko kirol zuzendariak, estimu handian du. «Talentu gazte bat da, horrela erakutsi du gazte mailatik, eta beti egon da gure buruan. Etorkizunean profesionala izateko hautagaietako bat zen, baina urrats azkarrak eman ditu. Proiekzio handiko txirrindularia da, eta nahiago dugu talde profesionalean trebatzen jarraitzea».
Txirrindulariaren hitzak
Isasa pozik ageri da, noski. «Euskaltel-Euskadi nire betiko taldea izan da, kuadrillakoena, etxekoena. Mikel Landa, Samu Sanchez edo Igor Anton bezalako txirrindulariak izan dira nire idoloak eta horregatik orain talde horretan egoteak ilusio handia egiten dit. Maila horretara ahalik eta lasterren egokitu nahi nuke, onenengandik gertu egon, arreta osoa jartzeko eta ikasteko, eta baita gozatu ere».
Oraindik ez daki non eman dezakeen bere onena. «Orain arte arlo guztietan moldatu naiz ondo. Laboral Kutxa bezalako filial bat izatea beharrezkoa da, txirrindulari gisa hazteko. Oso garrantzitsua dela uste dut eta egiten duten lana oso ona da. Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiet lagundu didaten guztiei».