Lemniskatak asmatzaile, ekintzaile eta ikertzaileen lana argitara aterako du
Lemniskata Zientzia Sareak antolatutako Azaroa Zientziaroa zikloa etzi hasiko da. Hitzaldiak, erakusketak, kaiera eta argazki lehiaketa antolatu dituzte. 10. edizioa izango da aurtengoa
Azaroa Zientziaroa etzi hasiko da. Francisco Gonzalezek zabalduko du zikloa, Leonardo Da Vinci eta Leonardo Torres Quevedo asmatzaileei buruzko hitzaldiarekin. Atzetik beste hiru hitzaldi, bi erakusketa, argitalpen bat eta lehiaketa bat izango dira. Lemniskata zientzia elkarteak egin ditu antolatzaile lanak.
Hitzaldi guztiak 19:00etan izango dira, Igartzako Jauregian. Azaroaren 12an bertako ikertzaileek eta ekintzaileek hartuko dute lekukoa. Ane Dorronsoro, Oier Lopez de la Calle, Amaia Aierbe eta Cristina Lopez izango dira hizlariak. Bakoitzak bere esperientzia elkarbanatuko du hamabost minututan; 19an Martin Garciak Goierriko argitaratu gabeko argazki zaharrenak hitzaldia eskainiko du. Gaztelaniaz izango da; Azaroa zientziaroa Miren Basarasek itxiko du. Mikrobiologoak Covidaren inguruan hitz egingo du.
Asmatzaileen hitzaldiaren harira Torres Quevedoren inguruko erakusketa zabalduko dute. Igartzako Jauregiko bigarren solairuan egongo da ikusgai, hamabost egunez. Ordiziako Barrena jauregira eramango dute gero. Argazki zaharren inguruko erakusketa ere ipiniko dute. Azaroaren 22tik 29ra egongo da.
5. Kaiera
Martin Garciaren Goierriko argazki zaharrenen inguruko ikerketarekin osatu dute Kaiera. Garciaren hitzaldian bertan egongo da erosteko aukera.
Matematikaren inguruko argazki lehiaketa ere zabaldu dute. Urtea amaitu arteko epea dago argazkiak bidaltzeko. Urtarrila matematikaren bila zikloan aurkeztuko dituzte emaitzak.