Amiantoaren biktimentzat Konpentsazio Funtsa onartzea exijitu dute
ASVIAMIE-ko kideek elkarretaratzea egin dute Madrilen Kongresuaren aurrean, eta Goierrin, CAF lantegiaren ondoan dagoen amiantoaren biktimen omenezko eskulturaren ondoan egin dute protesta.
Amiantoak kaltetutako pertsonen elkarteek elkarretaratzea egin dute gaur Kongresuan. Exijitu dute, “amiantoaren biktimentzat konpentsazio funtsa sortzea”. ASVIAMIE-k, Amiantoaren biktimen Euskadiko elkarteak, bat egin du deialdiarekin, Madrilen.
Kongresuaren atarian egin dituzten mobilizazioez gain, Euskal Herri osoan, lantegi askoren aterian egin dituzte protestak. Goierrin ere, bat egin dute biktimen deialdiarekin eta eskariekin. Izan ere, CAF lantegiaren Beasaingo egoitzako langileak, Amiantoaren biktimen omenezko eskulturaren aurrean egin dute protesta, “amiantoak hiltzen du” mezua zuen pankartaren atzean.
Urteetako borrokaren ondoren, “amiantoaren biktimen errekonozimendua errealitate bihurtzeko unea” dela uste dute, eta horregatik, Konpentsazio Funtsa sortu behar dela, egoera “bidegabekeria bat» delako. Uste dute, «sufrikario» hau «saihestu» zitekeela, «gobernuek erantzukizunez jokatu izan balute, eta duela urte asko amiantoa erabiltzea debekatu». Gainera, enpresetan, «gehienetan, ez da betearazi gutxieneko araudia ere», hala nola, «musukoak erabiltzea, laneko arropa garbitzea, amiantoaren ingurumen neurketak egitea, berariazko azterketa medikuak egitea, edo legeak lanpostuetan eskatzen zituen bestelako prebentziorako neurriak hartzea».
Egoera honen errudun egin dituzte, «gobernuak, lan ikuskaritzak egiteko ardura izan dutenak eta patronalak, erakutsi zuten axolagabekeriaren ondorioz, ehunka, seguruenera, milaka pertsona gaixotu eta hil dira amiantoarekin aritzeagatik».
Duela bi hamarkadetatik hona, Europar Batasuneko herrialde batzuetan Frantzian, Belgikan, Holandan,…, biktimak babesten dituzten konpentsazio funtsak onartu dira. Espainiako Estatuan bestelakoa da egoera. Gaur gaurkoz, konpentsazioa jasotzeko funtsik ez dago, nahiz eta 2017an, Eusko Legebiltzarrak eskatuta, Amiantoaren Biktimentzako Konpentsazio Funtsa sortzeko lege proiektu bat erregistratu zen Madrilgo Kongresuan.
Gaurko protestekin salatu dute, une honetan, Madrilgo Gobernuak blokeatuta» daukala lege-proiektu hori; eta horrek, «inolako justifikaziorik gabe, etengabeko luzapenak ezartzen» dituela, «legea onartzea eragotziz».
Egun hauetan, 2022 urterako aurrekontua eztabaidatzen ari dira, eta beharrezkotzat jo dute, «atzerapenik gabe, pertsona kaltetu guztiak babesteko Konpentsazio Funtsaren Legea martxan jartzeko, diru partida bat onartzea»