Argizpik argazki rallya egingo du asteburuan
Argazkilariek sekretuak diren bost gai landu beharko dituzte. Gai bakoitzeko hiru argazki aurkeztu beharko dituzte. Bakoitzak puntuazio bat jasoko du eta handienak irabaziko du
Argizpi elkarteak argazki rallya antolatu du etzirako. Argazkilariek sekretuak diren bost gai landu beharko dituzte: egunean bertan ezagutaraziko dituzte. Hala, inork ezingo ditu lanak aurreratu eta lehiakide guztiak baldintza berberetan ekingo diote. Gaietako bat odolkiaren ingurukoa izango da, lehiaketaren harira.
Argazki kamera digitala duen edonork haz dezake parte. Argazki elkartearen Urbietako egoitzan eman beharko da izena, bihar, 09:00etatik 10:00etara. Lehiakide bakoitzak 10 euro ordaindu beharko ditu.
Memoria txartelak 13:00ak eta 14:00ak bitartean entregatu beharko dira, elkartean. Gai bakoitzeko hiru argazki aurkeztu beharko dira. Parte hartzaile guztiek azaroaren 10a baino lehenago zehaztu beharko dituzte txarteleko zein argazki lehiatuko diren eta zein arlotan, posta elektroniko bidez.
Dirua, garaikurra eta odolkiak
500 euro baino gehiago banatuko dituzte sarietan. Argazki bakoitzari 1etaik 10erako puntuazioa emango dio epaimahaiak, eta puntuaziorik handiena jasotzen duenak irabaziko du. Herriko argazkilari onenak ere aitortza izango du. Halaber, Odolki Kofradiaren saria irabazten duenak odolki sorta bat irabaziko du eta hurrengo azokako kartela bere argazkiarekin egingo da. Sari banaketa azaroaren 26an egingo dute, udaletxeko areto nagusian, 19:00etan.
2019ko edizioan, azkenekoan, 33 parte hartzaile izen ziren. Gorka Gomezek lortu zuen sari potoloa eta Lourdes Posadak beasaindarrik onenarena