Beasaingo Udalak diruz lagunduko du herriko sortzaileen jarduna
Beasaingo Udalak kultur sorkuntzen %75a bere gain hartuko du. 15.000 euro bideratuko dituzte, guztira. Proposamenak azaroan zehar aurkeztu behar dira. Aho batez onartu dute
Beasaingo Udalak sortzaileak diruz lagunduko ditu. Sorkuntza eszeniko, obra bisual eta plastikoak, ikus-entzunezko lanak, musika edo soinu-konposizioak, ekintzailetza edo ikerkuntza proiektuak, haur eta nerabe literatura eta poesia lanak finantzatuko ditu, zehazki. Proiektuaren %75a hartuko du bere gain, gehienez, edo 3.000 euro. Proposamena aho batez onartu zuten urriko osoko bilkuran.
Leire Artola alkateak zehaztu zuen pandemiak kultura-sektorean sortutako ondorioak «arintzen laguntzeko» neurria dela. Aurrekontuetan aurretiaz jasotako laguntzei, bekei eta lehiaketei ez diela eragingo gaineratu zuen. Eva Alvarez PSE-EEko bozeramaileak nabarmendu zuen sozialisten nahiak biltzen dituen proposamena dela; EH Bilduk ere hitz positiboak izan zituen. Koalizio abertzaleak azpimarratu zuen sortzaileekin hitz egin ondoren eurek egindako proposamen bati tiraka sortutako diru laguntza dela. Nerea Manzisidor bozeramaileak «gelditzeko etorri den neurria» izatea espero duela esan zuen. Artolak baiezkoa erantzun zion. «Datorren urteko aurrekontuetan ere txertatuko da», aurreratu zuen.
Proposamenak abenduaren 1a baino lehen aurkeztu beharko dira. Laguntzak jaso ahal izateko Beasainen erroldatuta egon beharko da eta adinez nagusia izan.
Igartzak, belar berria
Igartza futbol zelaiak belardi berria izango du. Oraingoak hamabost urte ditu eta zaharkituta gelditu da. Erabilera handia du, gainera. 6.800 euro bideratuko dituzte. EH Bilduk alde bozkatu zuen, baina zelaiaren irekitasuna bermatzea eskatu zuen.