Feria gozatzeko, Gozatu eztia hor da
Ataungo Jon Etxeberria erlezaina etortzen hasi da Ordiziako azokara. Hemengo lehen kiwia salgai da, Lurdes Lopategik Altzagatik ekarria, eta baita Nafarroako orburua ere.

Zain-zain geunden noiz etorriko, aurten ohikoa duen baina beranduago hasi baita Jon Etxeberria erlezaina azokara etortzen. Udaberritik honako emaitzaren bilduma egin digu eta ez da hain ezti urte ona izan. Araban, Nafarroan eta Gipuzkoan (Ataunen) ditu erleak.
Udaberri haizetsua eta hotza izan zen eta bereziki Los Arcos (Nafarroa) inguruan dituen erleek ez zuten ezti askorik egin ahal izan. Aldiz, Ataun inguruan txilar urte ona izan da, ondorioz horkoen ekoizpena aberatsagoa. Aurkeztu dituen eztiak, milalorea, Goierriko txilarra eta ihintz eztia, mielatoa, arbolen izerdiarekin egina. 6,70 euroan 4,80gr.ko potea eta 12,5 euroan kilokoa. Gainera propolia, jalea eta polen freskoa ere aukeran ditu.
Lehen kiwiak Altzagakoak
Lurdes Lopategik ekarri ditu lehen kiwiak, 3 euroan kiloa. 30 bat urte hasi ziren lehen kiwi landareak aldatzen Euskal Herrian eta oso ondo hartu duen fruitua da. Landarea bera oso ondo egokitu da hemengo klimari.
Azaroan jaso ohi da eta izotza egin aurretik bildu behar da, gogorra oraindik eta laster jartzen da jateko puntuan. Jendeak gustuko duen fruta da eta hemengoa eta gertukoenak bukatzen direnean munduko hainbat tokietatik ekarri ohi dute (Zelanda Berritik asko), ia urte guztian salgai izaten da. Gustuan eta itxuran aldea badago eta ez da beti ederrena irabazle izaten gustuari dagokionez.
Oso sagar urte ona
Golden sagarra ekarri du Oinatibi Txikiko Joxe Antonio Elosegik, 2 euroan kiloa. Sagar aukera handia eta oso sagar ederrak ikusten dira postu askotan. Oso sagar urte ona baita aurtengoa.
Baratze lanetan erreparatuz, baba, baba txikia, ilarra eta baratxuria ereiteko momentuan gaude. Batzuek dagoeneko egin dute, besteek laster egitekotan. Landareei dagokionez, tipulina eta udaberriko aza oraintxe aire librean landatuenak.
Negu itxura hartzen
Negu itxura hartu zuen atzo azokak hala segituz, laster desagertuko dira udako piper, tomate, leka eta abar, bereziki aire libreko baratzetatik.