Goierriko biboteak prest daude aldarrikapenez beteriko hilabeterako
Azaroa hastearekin batera martxan dago Movember kanpaina. Gizonezkoei eragiten dien minbizien ikerketarako diru bilketa eta kontzientziazioa dira kanpainaren helburu nagusiak
2003 urtean Melbourneko gazte talde batek bibotea hazten uzteko ideia izan zuen, prostatako minbizia zuen lagun bati laguntzeko. Hurrengo urtean, Movember fundazioa sortu, eta harrezkero, herrialdez herrialde zabaldu da. Horrela hasi zen Movember mugimendua. Azaroan egiten da kanpaina hau, eta hilabetea hastearekin batera, ohikoa da gizon askok bibotea uztea, bibotea bihurtu baita, kanpainaren ikurra.
Goierrira ere aspaldi iritsi zen olatu hau; Ordizia errubgi taldeko jokalari izan zen Phil Huxford Zeelanda Berritarraren eskutik, 2008an. Ondoren, Paul Healy entrenatzaile australiarraren etorrerarekin, eta 2012tik aurrera, haziz eta haziz joan zen, eta duela urte batzuk, herritar talde batek, MoHerri taldea sortu zuen.
Azaroa iritsi da beste behin ere, eta Goierriko MoHerrik abian jarri du aurtengo kanpaina. Helburu nagusia da, gizonei eragiten dien minbiziaren aurkako ikerketarako diru bilketa egitea. Movember fundazioa sortu zenetik, 700 milioi euro baino gehiago bildu dira, eta horrekin, 1.200 ikerketa programa baino gehiago diruz lagundu dira, mundu osoan zehar.
Aurtengo ekintzak
MoHerri taldeak hilabeteak daramatza lanean, ekintza egitarau erakargarria osatu du, herritarrak parte hartzera anima daitezen. Aurtengo kanpaina aurrera ateratzeko hainbat kolaboratzaileren laguntza ere izan dute.
Ordiziako, Lazkaoko eta Beasaingo taberna eta denda askotan, eltzeitsuak ipini dituzte, diru bilketa egiteko. Gainera, txapelak, buffak, kamisetak eta txapak salgai daude. Ondorengoa da tabernen zerrenda: Ordiziako Olano, Amonane, Kirkil, Gamba, eta Nerea tabernetan; Beasainen Plazapen, Erronkan, Arkupen eta Orient Berrin; eta Lazkaon, Koxkor tabernan.
Bibote dotore-dotorea nahi dutenek, hainbat bizartegitara joateko aukera izango dute. Ordizian, Alaznen eta Manolon, eta Lazkaon, Daman.
Pintxo-bibotea ere egingo dute. Ordizian, datorren asteazkenean, hilak 10, herriguneko tabernetan, eta azaroaren 16a, auzoetako tabernetan. Azaroaren 18an, Lazkaon, eta azaroaren 25ean, Beasainen egingo dute pintxo-bibotea. Ekimen horretarako, Atzegiko eta Garaguneko kideen laguntza izan dute; hamarnaka bibote prestatu dituzte, pintxo bibote egunetan jendearen artean banatzeko.
Bestlade, azaroaren 12an, ostirala, bakarrizketa saioa egingo dute Kike Bigurik eta Luis Zaherak, Ordiziako Herri Antzokian.
Azaroaren 19rako, berriz, musika eta bakarrizketak uztartuko dituen ikuskizuna antolatu dute.
Beste batzuetan bezala, bibote ederrenen lehiaketa ere antolatu dute aurten. Ordizian, Bareak, eta LazkaOn elkarteen sare sozialetara igo beharko dira parte hartzeko.
Amaiera festa
Aurtengo kanpainari amaiera emateko, bazkari herrikoia egingo dute Ordiziako Plaza Nagusian. Bazkari horretan parte hartzeko izena eman behar da. Horretarako, MoHerri taldeko kideekin harrematan jartzea komeni da.