Lehiaketa, dastatzeko aukerarik gabe
Bertako elikagaien azoka ere "xumeagoa" izango da. "Hobe festa txikiagoa egitea ezer ez egitea baino"
Beasaingo Odolki Kofradiak lehiaketa berreskuratu du. 36.a izango da. Etzi egingo dute, 11:30etik aurrera. Martin Urkiola kofradiako presidenteak aitortu du poza ez dela bete-betekoa, ordea, dastatzerik ez dutelako egingo. «Frontoian ez dugu tabernarik jarriko. Pilaketak ekidin nahi ditugu», azaldu du. «Hobe festa txikiagoa egitea ezer ez egitea baino», zehaztu du. Dastaketaren ordez, herriko tabernei odolki pintxoak banatzeko eskatu diete.
Azoka ere «xumeagoa» izango da. Baina garaiko produktuak erosteko aukera egon egongo da: odolkiak, gaztak, pastelak… baita ere taloak. Azokak 10:00etan zabalduko ditu ateak. San Martin plaza azpian hilabeteroko azoka berezia egingo dute aldi berean. Plazapean garaiko barazkiak izango dira nagusi.
Hasiera, gaur
Lehiaketa gaur hasiko da. Parte hartuko duten ekoizleek generoa kofradian entregatu beharko dute 16:00etatik 21:00etara bitartean. Sei odolki pieza aurkeztu behar dituzte, derrigorrez.
Antolatzaileek ez dute parte hartzaile kopuruan gora behera handirik espero. 2019an, azken edizioan, dozena bat odolkigile lehiatu ziren. Olano etxeko Jose Manuel Olano eta Loinaz Usabiaga izan ziren garaile, zazpigarrenez jarraian. Urkiolak zin egin du aurkezten direnak aurkezten direla, goi mailakoak izango direla.
Epaimahaia ere «ospe handiko gastronomia adituek eta sukaldariek» osatuko dutela aurreratu du. Sari banaketa 13:00etan izango da.