Oriamendiko eta Erauskingo obrak urtarrilean hasiko dira
Mariazcurrena enpresak egingo ditu obrak. 500.000 eurotik gora lizitatu dira eta bost hilabeteko epea izango dute

Oriamendi kaleko eta Erauskin plazako aparkalekuko obrak urte berriarekin batera hasiko dira. Urtarrilaren 10ean, zehazki. Maiatzerako amaituta egongo dira aurreikuspenen arabera. Mariazcurrena eraikuntza enpresak gauzatuko ditu lanak, 572.609,02 euroren truke. BEZa, aparte.
Oriamendi kalean “diseinu berrantolaketa bat” egingo dute. Hau da, 3 eta 30 zenbakien arteko ilara eta bateriako aparkalekuen zabalera egokitu eta ibilgailuen erraila zabaldu egingo dute. Lanei esker espaloietan hobekuntza “puntualak” egingo direla baieztatu du Beasaingo Udalak, “segurtasun maila hobetzeko eta hiri paisaia aberasteko”.
Berrantolaketan bidegorria desagertu egingo da. Beasaingo PSE-EEk atzerapausoa dela salatu du: “Orain arte egindako bidea desegin nahi dute. Autoak herrigunetik eliminatu beharrean toki gehiago emango diegu, oinezkoek merezi duten espazioa okupatuta”, azaldu du Eva Alvarez bozeramaileak. Mugikortasun jasangarriko printzipioen “urraketa argi eta garbia” dela gaineratu du. “Beasain berdeagoa eta jasangarriagoa lortzeko bidegorri seguruek berebiziko garrantzia dute”, azaldu du. EAJren udal gobernuari hitz eta ekintza kontrajarriak egitea leporatu dio. EH Bilduk ere proposamenaren aurka bozkatu zuen.
Erauskingo saltokiak, ikusgarriago
Erauskin plazako aparkalekuak ere berrantolatuko dituzte. Edukiontziak ere birkokatu egingo dituzte. Hala, Urbi-etxeko beheko aldean dauden saltokien eskakizuna bete egingo du Udalak, eta ikusgarritasuna irabaziko dute. Ur hornidura eta saneamendu hoditeriak eraberrituko ditu Ur-kontsertzioak.