Urtea korrika amaituko dute
Beti-bizi elkarteak San Silbestre lasterketa egingo duela baieztatu du. Zehaztapenik ez dute eman, egoeraren arabera moldatuko baitira
Beti-bizi elkarteak San Silbestre lasterketa antolatuko duela baieztatu du. Urteroko lasterketa berreskuratu nahi dute, baina hari mutur batzuk airean dituzte oraindik. Ahalik eta gehien itxaron nahi dute, pandemiaren bilakaera ikusi eta antolaketa lanak eraginkorrenak izan daitezen. Izen ematea itxita dago oraindik, esaterako, zenbat jendek parte hartu ahalko duen argi ez dutelako. “Laster” zabalduko dutela aurreratu dute, dena den.
Ibilbidea betikoa izango dela esan dute. Loinazko San Martin plazatik atera, Nafarroa etorbidea gurutzatu Barrendain plazaraino, Joan Iturralde eta Zaldizurreta kaleetatatik itzuli Porteriaraino eta, berriz ere, Jose Migel Iturriotz kalean, gora. Ia hamar kilometroko ibilbidea da.
Sariak ere orain artekoak izango dira. 8.000 euro baino gehiago banatuko dituzte sarietan. Gizonezkoentzat eta emakumezkoentzat sari berdinak izango dira. Zozketak ere egingo dituzte.