Aurrenekoan txapeldunorde
Iraitz Zubizarretak lehen finala irabazterik ez du izan, Bakaikoak 22 eta 10 gaindituta. Tristurari gain hartu dio, ordea, eta egun borobila pasarazi diotenak eskertu ditu
Altsasuko Burunda pilotalekuko burrundatik urruti, Aiako bakean Promozioko lau eta erdiko finalaren lehen hitzak eskerrak emateko izan ditu Iraitz Zubizarretak. Eta egindakoaren neurriaren balioa gozatzeko ere bai, lehen tristura hoztu ahala. 22 urterekin, eta profesionaletan debutatu zuenetik urtebete pasatxora, lehen finala jokatu du.
«Eguna ikaragarria izan zen, festa bat ia goizetik gauera, eta gustura nago horregatik. Altsasura abiatu ginenean hiru auzoetan barrena jende piloa, kamiseta urdinak, txalo ugari… Partidan ere harmailan izugarrizko giroan, autobus bete herritar joan zen. Gauean, Aian jende asko neukan zain, hitz batzuk esan zizkidaten, dantza egin zidaten, nik ere hitz egin nuen, eta sagardotegira joan ginen afaltzera», gogoratu du Zubizarretak.
Joanes Bakaikoa gehiago izan zen frontoian. Promozio mailan beti, baina laugarren finala zuen Etxarrikoak, eta hirugarren txapela jantzi du, lau t’erdikoan bigarrena. 22 eta 10 menderatu zuen Zubizarreta III.a. Bana, launa eta zazpina berdindu zuten, baina txokotik txokora atzeratuz joz, zuzen jokatuz eta tantoaren buruzagitza hartuta joan zen Bakaikoa 22raino.
Zubizarretak, erauntsi haren pean, ezin izan zuen daukan kalitate guztia atera. Ez zen eroso aritu. Lehen zati borrokatuaren ondoren, finala iheska ikusita, etsiak hartu zuen. 11 tanto egin zituen etxarriarrak, bost Ataungoak. Triste igo zen podiumera.
«Bide egokian goaz»
Aiako frontoi txikitik, bihurtu dituk ametsak egi pankarta zabaldu zuten Zubizarretaren jarraitzaileek Burunda frontoian. 45 minutuko partidaren ostean, osotasun handiz onartu zuen aurkariaren gehiagotasuna. «Tristura» adierazi zuen, baina baita «gauza handia» egin izanaren sentipena ere.
«Hotzean baloratuko dugu hau dena. Gaur [atzo] oraindik ezin irabaziaren pena txiki hori daukat, eta partidan bertan tristura sentitu nuen. Baina, hotzean jarrita, handia da finalera iristea, urtebete pasatxo ibilita. Bide egokitik goaz, nahiz dezakedan guztia ezin izan dudan eman. Lanean segitzeko gogoa ematen du, ingurua ikusita», zioen Zubizarretak, atzo.
Bizpahiru egun atsedena hartuko du orain, eta hurrengo txapelketarako prestatzen hasiko da gero. Promozio mailako binakako txapelketan enpresaren lau aurrelarietako bat izateko «intentzioa eta esperantza» dauka.
Ataun, pilotaren eztitan
Pandemiak pandemia, urte gogoangarria ari da izaten Ataungo herriarentzat 2021a. Profesionaletan, pilotari herritarrek bi final jokatu dituzte aurten. Jon Ander Albisu binakakoan txapeldunorde geratu zen Peñarekin, maiatzean. Beste poz bat Beñat Senarrek ekarri du, munduko txapeldun atera baita buruz buru 23 urtez azpikoan.
Ataundarrek goitik erantzun diote Zubizarretaren azken lorpenari ere. Igande eguerdian, errepide bazterretik txaloka eta oihuka animatu zuten, pilotalekurako bidean. Autobuskada animatzailez gain, autoetan ere ataundar asko joan ziren Altsasura. Bide egokia irekita baitago.