«Hilabete bukaerara iristeko arazoak dituen langileak daude»
Beasaingo etxez etxeko arreta zerbitzuko langileek astebeteko greba hasi zuten atzo. Lan hitzarmena, soldatak handitzea eta egonkortzea eta lan-poltsa sortzea eskatzen dute.
Presioa handitu eta grebara jo duzue.
Grebara ailegatu gara ez gustuagatik. Gu pertsonek kezkatzen gaituzte eta ez gara lasai gelditzen. Langileak sufritu egiten du. Norbaitek pentsatuko du greba besteengan pentsatu gabe egiten dugula, baina guztiz kontrakoa da. Langile asko larrituta gaude.
Greba ekidin zitekeen?
Gaur [atzo] greba hasi dugu orain arte inork ez digulako kasurik egin. Beti aitzakiak jartzen dizkigute. Urteak daramatzagu borrokan.
Ezer aldatu da?
Ez.
Horrenbeste eskatzen duzue?
Ordiziarekin parekatzea eskatzen dugu: beraiek lan poltsa bat dute, soldata bat hilero, beste lan baldintza batzuk… eta enpresa ustiatzailea bera da Goxara. Ordua hamar eurotara igotzea eskatzen dugu. Ez da asko.
Erabiltzaileen babesik baduzue grebarako?
Bai, ziur. Erabiltzaile batek lehengoan esan zidan nahiz eta berarentzako zaila izan sakrifizio hau egiteko prest zegoela, beraiek ere ikusten dutelako oso injustua dela dena. Harreman estuak sortzen dira langileen eta erabiltzaileen artean.
Langileak hobeto aitortuta bazaudete zerbitzua hobea izango da?
Inguru guztiak paso egiten duenean lanera ez zara talante berdinarekin joaten.
Zaintza lanak gogorrak dira?
Lanak pertsona asko izurratzen du, fisikoki eta mentalki: pisuarekin egiten dugu lan, eta askotan ez da gruarik jartzeko baliabiderik egoten. Bi langilek egingo bagenu lan… baina bakarrik egin beharra dugu, eta bizkarrak asko sufritzen du. Eta buruak ere bai. Esaten dute bereizi egin behar direla, baina pertsonekin lan egiten duzunean ez da erraza eta emozionalki lana etxera eramaten duzu.
Udalak dio zerbitzuaren kostuaren zati bat bere gain hartzen duela eta ezin duela askoz gehiago egin.
Dirua eman, ardurak besteen gain utzi eta erlaxatzea oso erraza da. Denon dirua, diru publikoa, gainera. Diru publikoarekin egiten den gestioak hausnarketa bat behar du. Lotsagarria iruditzen zait. Udaletxea herri-etxea bada, herritarrak eta langileak zaindu behar ditu. Horregatik, lizitazioetan langileen baldintzak bermatu behar dira, eta jarraipena egin.
Udalak afera konpontzeko nahikoa borondate du?
Hemen dena tiritak jarrita konpontzen dugu.
Udalaren eta Goxararen arteko akordioa duela hilabete berritu zen. Luzapena denez, aurreko baldintzetan egin beharra zegoen. Leire Artola alkateak esan zuen akordioa eteteko arrazoi nahikorik ez zegoela. Pleguak berritzeko aukera galdu zen?
Oso haserre gaude. Protesta bete-betean hartu zuten erabakia, langileekin benetan eseri gabe.
Hitzarmenak urtebeteko iraungipena du. Itxaron dezakezue?
Eutsiko diogu, indartsu gaudelako. Baina esperantza badugu baldintzak lehenago aldatuko direla, beharra badagoelako.
Beste herri batzuetan lortu dute.
Beraiek ere greba eginez lortu dute. Esperantza ematen digu.
Sektore feminizatua izateak ere kalte egiten dizuela salatu duzue. Zergatik?
Soldata arrakalagatik soldata oso baxuak ditugu: 500 euro, 800… Lan egin eta hilabete bukaerara iristeko arazoak dituen langileak daude. Eta protesta egiterakoan ere emakumeoi gizonezkoei baino kasu gutxiago egiten zaigu.