Ormaiztegiko mendi astean, lau dokumental, erakusketa eta mendi ibilaldia
Hodei Iuirrita eta Eren Zuloagaren argazki erakusketak eta Patricia Biscarreten 'Ama Dablam, alma de mujer' ikus-entzunezkoak zabalduko dute zikloa, gaur
Ormaiztegiko mendi astea gaur hasiko da. Hodei Iurritaren eta Eren Zuloagaren argazki erakusketa zabalduko dute Gizarte Etxeko tabernan. Ama Dablam, alma de mujer dokumentala ere eskainiko dute. Himalaiako mendi ederrenetarikoa igotzeko emakumez osatutako espedizioaren bizipenak jasotzen ditu. Patricia Biscarret da zuzendaria. 19:00etan izango da emanaldia, Gizarte Etxean. Gaztelaniaz izango da.
Lau ikus-entzunezko izango dira denera. Lorenzo Rojok Euskal Herrirantz bizikletaz dokumentala aurkeztuko du. Kasu honetan ere 19:00etan Gizarte Etxean izango da, baina, euskaraz. Rojok munduari bira eman zion bizikletan. Ikus-entzunezkoak azken bost urteak jaso ditu. «Zaratarik gabeko bideak maite ditut, mendietan gora bihurritzen direnak edo zeruko azken mugaraino etenik gabe luzatzen direnak», dio zuzendariak.
Joseba Iztuetak hartuko dio lekukoa, Pamir – Distantziak lanarekin. Distantziaren inguruko hausnarketa bat da: neurtzeko hiru metodo jaso ditu. Kirgizistango harri eskalada, Tadjikistango alpinismoa eta Pamir Highwayko bizikleta. Euskaraz izango da emanaldia.
Carlos Suarezena izango da azken emankizuna. Sin riesgo no hay cima, ni todo lo que viene despues dokumentala aurkeztuko du. Suarezek bere bizipenak jaso ditu, motibazioaren inguruko lana ontzeko.
Txangoa, borobiltzeko
Mendi ibilaldiarekin borobilduko dute astea. Udaletxetik abiatu eta Arandia, Urbizu, Zelandieta, Española eta Liernia lotuko dituzte, Ormaiztegiko plazan amaitzeko. Pare bat orduko txangoa izango da.
Izena eman behar da aurretik. Ostirala izango da azken eguna. kultura@ormaiztegi.eus helbidera idatzi behar da edo 688 657 455 telefonora, deitu.
Txangoarekin astea amaituko duten arren, Iurritaren eta Zuloagaren erakusketa abenduaren 19ra arte egongo da zabalik.