"Batzuetan ahaztu egiten zaigu inoiz ere laguntza behar izan genuela"
'Errefuxiatuak: herrimina, memoria eta erbestea' erakusketa ikusgai dago, Beasaingo Igartzako Burdinolan
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Beasaingo Udalak antolatutako Errefuxiatuak: herrimina, memoria eta erbestea erakusketa zabalik dago, Igartzako Burdinolan. Migrazioaren egungo errealitatea eta euskal herritarren historian zehar egindako migrazioak parez pare jarri ditu Juantxo Egaña erakusketaren komisarioak. Abenduaren 12ra arte egongo da ikusgai.
Komisarioak erakusketa hiru ataletan banatzen dela azaldu zuen. Lehenengoan, motibazio politikoek Euskal Herrian eragindako zenbait migrazioren memoria historikoa jaso du. Domingo Belaustegigoitia II. Karlistaldiko euskal erbesteratua erakusten duen XIX. mendeko dagerrotipo bat nabarmentzen da guztien gainetik. Bigarren Mundu Gerra garaiko aldizkarien azalak, Frantziako errefuxiatu-esparruetan ateratako argazkiak eta euskal herritarren ikuspuntutik gerraosteko erbestea ere landu ditu.
Bigarren atalak, Gipuzkoa-Bidasoa izenburupean, lurraldean bizi diren edo bertatik igarotzen diren errefuxiatuen errealitatea ezagutarazten du.
Hirugarren atalak, berriz, Mediterraneoko exodoaren eta itsas salbamenduaren irudiak jasotzen ditu. Gaur egungo argazkiak-egile ezagunek egindakoak dira. Andoni Lubaki urretxuarraren argazkiak daude tartean, esaterako. 65 argazki dira, denera.
Lubaki, Egañarekin batera, aurkezpenean bertan izan zen. Ion Gambra, Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko foru zuzendaria eta Leire Artola Beasaingo alkatea ere bertan izan ziren.
“Ezin diegu bizkarra eman”
Gambrak gogorarazi zuen euskal herritarrak ere kanpora joandakoak direla, laguntza eske. Egun, arrazoi beragatik hona datozela aipatu zuen. “Ezin diegu bizkarra eman”, azpimarratu zuen. Gipuzkoa eta Lapurdi artean hildako migratzaileak izan zituen gogoan. “Bai gizarteak, bai erakundeek, bereziki migrazio gaietan eskumenak dituztenek, ahal dugun guztia egin behar dugu hain gertaera mingarriak berriro gerta ez daitezen Euskadin, Estatuan eta ez Europa osoan. Giza eskubideak, elkartasuna eta giza duintasuna gidari izan beharko genituzke bizitza hobearen bila gerrak, gatazkak eta gabeziak atzean uztea erabakitzen duten pertsonei arreta eskaintzerakoan”.
Dena ez dela txarra ere nabarmendu zuen. Gipuzkoar gisa “harro” sentitzen dela esan zuen Aita Mari ekimenarekin, Zaporeak elkartearen sukalde solidarioekin edo aspalditik CEAR-Euskadi bezalako elkarteek lurraldean egiten duten lanarekin.
Artolak ere euren herrialdeetatik ihesean alde egin behar izan dutenei babesa eskaintzerako orduan tokiko erakundeek jokatzen duten papera azpimarratu zuen. “Arduraz eta erantzukizunez jokatzea dagokigu. Ez da hain urruti gure aiton-amonek gure lurra uztera behartuak izan zirela gerrak eraginda. Memoriak ez liguke hutsik egin behar. Giza legez, orain guri dagokigu eskuzabalak izatea guregana datozenekin”, ohartarazi zuem.
Beasaingo Udalak baditu laguntza lerro ezberdinak errefuxiatu zein hauen alde lan egiten duten udalerriko gazte kooperanteentzat eta irabazi asmorik gabeko gobernuz kanpoko erakundeentzat. “Horrez gain, oraintxe lantzen ari gara kanpotarrei ongi etorria emateko harrera protokolo berria”, gehitu du alkateak. Artolak gogorarazi du Beasain udalerri solidarioa izateko helburu horretan, garapen bidean dauden herrialdeetan laguntza proiektuetarako Udal aurrekontuen zati bat bideratzen duela urtero.